Zinemako 43 euskal proiektu Cannesko azokan

Bizkaie! 2018-05-08 09:07   Zinemea
Cannesko Marché du Film (argazkia: Cannesko Zinema Jaialdia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal zinemagintzeak leku nabarmena izango dau Cannesko zinema jaialdi entzutetsuan. Ez horrenbeste sail nagusietan lehiatuko diran pelikulen artean, baina bai proiektu zinematografikoak zabaltzeko antolatzen dan azokan, Marché du Film dalakoan. Zinemaldia eta azokea, gaur, maiatzak 8, hasiko dira.

Zineuskadik Etxepare Institutuaren eta Eiken klusterraren laguntzinoagaz atondu dauen katalogoan, 43 proiektu dagoz. Horreetatik 18 oraindino garapen fasean, beste 13 egiten dabiz eta badagoz dagoeneko estreinautako 12 lan be. Film luzeak dira 24 eta ganerakoak, dokumentalak.

Canneseko katalogorako aukeratutako produkzino-etxeen eta sustatzaileen artean, euskal zinemagintzan ibilbide luzeko batzuk dagoz: Adabaki Produkzinoak, Amania Films, Area Comunicación, Arena Comunicación, Atera Films, Baleuko, Basque Films, Barton Films, Blogmedia, Demeter Films, Dibulitoon Studio, Doxa Produkzinoak, Einarte Produkzioak, Euskadi Movie AIE, Fragil Cinema, Izar Films eta abar.

Era berean, euskal ikus-entzunezkoen sektoreko eragile eta enpresa batzuk Cannesen bertan izango dira, Zineuskadik ICEX erakusmahaian izango dauen txokoan. Marché du Film azokako Cinema from Spain eremuan dago erakusmahaia.

 

Elkarrekin esnatzeko  ordua

Cannesen egongo diran euskal sorkuntzen artean, nabarmentzekoa da Txintxua Films etxeak eroan dauen proiektua. Kirmen Uribek idatzitako Elkarrekin esnatzeko ordua nobelan oinarritutako pelikulea egiten dabiz eta nazinoarteko produktore, banatzaile edo babesleak bilatzeko pitching saio baten parte hartuko dabe, BS2BO ekimenaren barruan. Asier Altuna eta Marian Fernandez egongo dira saio horretan. Aurreratu dabenez, Karmele izenburua izango dau filmak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu