Aitor Bizkarra nagusi Balmasedako kanporaketan
2018-05-07 09:20 BertsolaritzeaAlde ederra atera eutsan Ion Barrocal bigarrenari.
Balmasedan bertsolaritzaz betetako eguna izan zan domekea. Goizean Eskolarteko Txapelketako finalak jokatu ziran eta arratsaldean, Bizkaiko Txapelketako Udabarriko Faseko kanporaketa bat. Azken horretan, Aitor Bizkarraren jarduna azpimarratu behar da, saioan goitik behera nagusitu zan eta.
Epaileek emondako ebatziaren arabera, Bizkarrak 196,5 puntu batu zituan, orain arte jokatutako kanporaketa guztietako kopururik handiena. Haren atzetik bigarren izan zan Ion Barrocalek, ostera, 160 puntugaz konformau behar izan eban eta Jon Ander Urkiaga hirugarrenak 157,5 batu zituan. Laugarren Beñat Molina izan zan (133,5), bosgarren Aritz Landeta (125,5) eta seigarren Iñaki Lersundi (122,5).
Gai-jartzailea Xabier Sainz de la Maza izan zan eta epaimahaian honeek egon ziran: Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa, Jon Jaio Aiartzaguena eta Mirari Azula Aurrekoetxea; idazkari, Itziar Basterretxea Olarreaga.
Hurrengo kanporaketea Elorrion jokatuko da, zapatuan, hilak 12. Han kantauko dabe Aitor Estebanek, Ander Anakabek, Ander Elortegik, Iker Urrutiak, Jon Aranok eta Unai Agirrek. Domekan, hilak 13, saio bikotxa egongo da Getxon, goiz eta arratsalde.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!