Joe Dante Bilbon dago Fantastikoaren Izarra saria jasoteko
2018-05-04 12:23 ZinemeaGremlins eta The Howling film mitikoen zuzendaria da.
Goizean egin deutsie harrerea Joe Danteri Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Nekane Alonso Kultura zinegotziak. Iluntzean, barriz, Campos Eliseos Antzokian ospatuko dan Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren (FANT) 24. edizinoa zabaltzeko galan, Fantastikoaren Izarra saria jasoko dau zinemagileak bizitza osoko lanaren esker onez. Golardoa igaz sortu eta lehenengo saritua Barbara Crampton antzezlea izan zan, Stuart Gordonen Re-animator (1985) film klasikoko protagonistea izandakoa:
Bihar, zapatua, 13:00etatik aurrera, Azkuna Zentroko Bastida Aretoan, Joe Dante: En el límite de la realidad liburua aurkeztuko da, doktoretza tesi moduan hasi eta egilearen, Álvaro Pita kritikari, idazle, zinemagile eta musikari galiziarraren, erronka personal bilakatu zan saiakera luzea. Joe Danteri buruz egin eitekean libururik hoberena egiteko erronkea jarri eutsan bere buruari. Dante ekitaldian egongo da, eta liburuaren egileagaz eta bertaratutako ikus-entzuleakaz berba egingo dau. Sartzea librea izango da, aretoko leku guztiak bete arte.
Omenaldia biribiltzeko, FANT2FUN sailaren barruan, bihar, zapatua, ikus-entzuleek Gremlins mitikoaz eta The Howling klasikoaz disfrutau ahal izango dabe, saio bikotxean. Film biak Dantek berak aurkeztuko ditu aretoan.
Fantasiazko generoan egin dauen ekarpena nabarmentzeko sarituko dabe Dante, izan be, ikus-entzuleen gogoan lekua egin daben film ugaritan parte hartu dau eta batez be aitagarria da 1980ko hamarkadan zuzendutako lanen zerrendea: Gremlins eta haren bigarren partea, Explorers, Innerspace eta abar. Orain arteko azken lana 2014an aurkeztu eban, Burying the Ex.
Steven Spielberg zuzendari ospetsuagaz alkarlan oparoan ibili zan 1980ko hamarkada haretan. Spielberg, batez be, zuzendu dituan pelikulakaitik ezaguna bada be, orduko haretan produktore lanetan ibilten zan, Dante zuzendari zala. Holan sortu zituen Gremlins saileko pelikulak, esaterako.
Beste alde batetik, garrantzia hartzen dabilen figurea kontuan hartzen dauen Fantrobia saria be gaur arrastian banatuko da. Oraingo honetan, bere lehenengo film luzea, Errementari (2018), estreinau barri dauen Paul Urkijo zinemagile gasteiztarra izango da Dante beteranoaren eskutik saria jasoko dauena. Galearen amaieran, Johannes Roberts zinemagilearen Los extraños: Cacería nocturna film luzearen Estaduko premierea eskainiko dabe eta, ondoren, ikus-entzuleek lehiaketara aurkeztutako hamaika euskal film laburrak ikusi ahal izango ditue.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!