Donostiako Zinemaldiak irudia aldatu dau

Bizkaie! 2018-05-04 10:03   Zinemea

TGA estudioak sortu dau eta ikusgaitasuna eta modernidadea batzen ditu.

Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazinoarteko Zentroko Patioan aurkeztu ditue Donostia Zinemaldiaren irudi barria eta 66. edizinoko sailetako kartelak. Nortasun grafikoa barritzearen helburuak markea eguneratzea eta ikusgaitasun handiagoa izatea dira. Horretarako, Donostiako TGA estudioak, bai irudi barriaren bai kartelen egileak, lerro sintetiko eta sendotasun bisual handiagoko maskor bat erabili dau, Zinemaldia modernoa dala, eten barik berraztertzen dala eta testuinguru aldakor batera moldatzen dala erakusteko.

Sailetako kartel guztietan dinamismoa, argitasuna eta bizitasuna nagusitzen dira eta tratamendu eta nortasun grafiko bera partekatzen dabe, argazki batez eta ilustrazino batez osotutako konposizino batetik abiatuta. Horrek batasuna eta koherentzia emoten deutsoz osotasunari. Era berean, sail bakotxak bere nortasuna dau, kolore bereizgarri bati esker. Sail Ofizialaren kartela aurrerago aurkeztuko da, irudi eskubideen baimena adostu ondoren.

Logotipoak hiru osogai ditu: maskorra, laburdurea (Helvetica tipografiagaz) eta Zinemaldiaren izena, hiru hizkuntzatan idatzita: euskeraz, gaztelaniaz eta ingelesez.

Donostiako TGA estudioak, Nagore García Pascual, Julen Cano Linazasoro eta Txema García Amiano buru dituala, diseinu grafiko interaktiboaren, arkitekturearen eta barne-diseinuaren arloak bateratzen ditu.

Hamabost urteko ibilbidean, bere funtzionaltasunaren eta estetikearen nahasketak eta lengoaia bisual bereizgarriak, besteak beste, Donostia Kulturearen, Kutxa Fundazinoaren, Elías Querejeta Zine Eskolearen eta Aquariumen nortasunak taiutu ditue. Bere kartelen artean, Musika Hamabostaldiaren 75. urteurrenekoa, 2017ko Estropadak, Uda-gau bateko ametsa muntaketa eszenikokoa eta Zinemaldiko igazko edizinoko Culinary Zinemako irudia dagoz, besteak beste.

Aurkezpenean, José Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak edizinoaren gakoetako batzuk aurreratu ditu, baita industriaren eta talentu barrien aldeko apustu sendoa, euskal zinemearen eta Espainiakoaren momentu ona eta Zinemaldiak aurrean dituan erronkak be, adibidez: Elías Querejeta Zine Eskolea eregitea eta emakume zinemagileen garrantzia azpimarratzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu