Artxibo bizia sortu dau Donostiako Zinemaldiak

Bizkaie! 2018-05-03 10:10   Zinemea

Jaialdiaren 70. urteurrenagaz lotutako ekimena da.

Artxibo bizia bultzatuko daben erakundeetako ordezkariak (argazkia: Donostiako Zinemaldia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Donostiako Zinemaldiak 70 urte beteko ditu 2022an eta efemeride biribil hori ospatzeko jardueren artean, artxibo bizia sortzea izango da garrantzitsuenetako bat. Elias Querejeta Zinema Eskoleagaz, Euskadiko Filmategiagaz eta Tabakaleragaz alkarlanean, Zinemaldiaren funts dokumentala gorde, aztertu eta publikoaren esku jarriko da.

Proposamenak agirian ipiniko dau Zinemaldiaren funts dokumentalen garrantzia (eskutitzak, argazkiak, kritikak eta barri laburrak egunkari eta aldizkarietan, liburuak…), eta online sarbide edegia  izango daben bilduma digitalizaduak sortuko ditu. Aldi berean, zinemagintza garaikidearen sorkuntzeagaz alkarreraginean jarriko ditu material horreek.

Lana eremu bitan gauzatuko da: Martuteneko gordailuan, gaur egun hor dagozalako materialak, eta Tabakalerako Ubik-en, bertan aztertu, inbentariatu eta katalogauko diralako. Konsultak egiteko ibilbideak ezarriko dira, eta, urteen arabera ez eze, gaien arabera be bilatu ahal izango dira materialak: adibidez, Transizinoaren eragina Zinemaldian, indarkeria politikoa zinemagintzan, Ikuska eta euskal zinemagintza nazionala egiteko ahalegina, Kimuak belaunaldia…

Aldi berean, alkarregaz lotutako lan-ildo bi martxan jarriko ditue: batetik, ikerketarako materiala sortuko da –artikulu akademikoak, biltzarretako aurkezpenak, argitalpen-proiektuak, mintegiak…–, ikertzaileei begira; eta bestetik, emoitzak gizarteratuko dira eta publiko zabalagoentzako edukiak sortuko dira. Urtero, ikerketen ondorioak argitara aterako dira erakusketa, argitalpen edo proiekzino-programetan.

Zinemaldiaren memoria ez dabe langileek katalogautako funtsek bakarrik eratzen: zinemazaleek historian zehar batutako materialetan be topau leiteke. Beraz, aurrerago Zinemaldiagaz zerikusia daben dokumentuak ekarteko deialdia egingo deutsie herritarrei. Horren aurretik, baina, lehenengo fasea martxan gongo da, artxibo bizia 2022ko urteurrenerako prest egon daiten.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu