Sekula baino film gehiago FANT-en sail ofizialean
2018-04-13 12:16 ZinemeaMaiatzaren 4an hasiko da Bilboko Bildurrezko eta Fantasiazko Zinemaldia.
Bildurrezko eta fantasiazko zinemea atsegin dabenek izango dabe non aukeratu FANT jaialdiaren 24. edizinoan. Izan be, ohiko moduan, sail eta proiekzino ugari egongo dira. Ganera, lehiaketa ofizialean parte hartuko daben pelikulak sekula baino gehiago dira, 18, igaz baino bi gehiago.
Justo Ezenarro, Bilboko Udaleko programazino kulturalaren arduradunak azaldu dauenez, danetariko azpigeneroak topauko ditue ikusleek Sail Ofizialean, baina batez be terrorezko pelikulak nabarmendu ditu, holako sei egongo dira eta. Kopuru txikiagoan bada be, suspensea, zientzia-fikzinoa eta abar be badagoz egitarauan.
FANTen egitaraua aurkezteko gaur baino egun aproposagorik nekez topau leitekela adierazo dau Justo Ezenarrok, barikua eta 13 dala kontuan hartuta. Beragaz batera egon dira Nekane Alonso Kultura zinegotzia eta Eugenio Puerto jaialdiko programatzailea. Aurtengo egitarauan, kalidadezko zinemea eta gustu guztietako jentearentzako eskaintzea dagoala nabarmendu dau Alonsok.
FANT nazinoarteko jaialdia da eta sail ofizialean ikusten da hori: 18 pelikulak munduko bazter guztietatik datoz, Asiatik, Amerikatik, Europatik... Batzuk aitatzearren, Caye Casasek eta Albert Pintok Bilbon estreinauko daben Matar a Dios, espazioan girotutako Salyut 7, 2016ko Fantrobia sariaren irabazle Can Evrenolen Housewife eta igazko Fantastikoaren Izarra saria irabazi eban Barbara Cramptonen Replace. 24 urteko historian lehenengo aldiz, emakume bat baino gehiago dagoz sail ofizialeko zuzendarien artean, bi hain zuzen.
Euskal filmik ez dago sail ofizialean, baina FANT lehiaketa ofiziala baino gehiago dan ezkero, bertoko produkzinoez disfrutetako aukera zabala egongo da. Hasteko eta behin, Fant Laburrean sailean euskal zuzendariek egindako hamaika film labur proiektauko ditue (guztira, 20 pelikulak parte hartuko dabe sail horretan). Epaimahaiak, ganera, euskal film laburrik onenaren saria emongo dau, 2.000 eurokoa. Nazinoarteko film laburrik onenak 3.000 euro irabaziko ditu eta sail ofizialeko irabazleak, 3.500 euro.
Beste alde batetik, Fantrobia saria be Euskal Herrian geratuko da aurten. Euskerazko zinema fantastikoaren alorrean mugarria ezarri dau Errementari filmak eta FANT lako jaialdi batek ezinbestean kontuan izan behar dau hori. Paul Urkijo zuzendaria sarituko dabe, generoari ekarpen esanguratsua egin deutsien sortzaileei urtero emoten jaken Fantrobia sariagaz.
Proiekzino gehienak Bilboko Golem Alhondiga aretoan izango dira eta emonaldi guztietarako abonua apirilaren 16an ipiniko dabe salgai. Dobako emonaldi ugari be egongo dira, esaterako Panorama Fantastikoa sailekoak. Sei pelikulak parte hartuko dabe atal horretan.
Ibilbide osoari emoten jakon Fantastikoaren Izarra saria Estadu Batuetara joango da aurten, Joe Dante zuzendariak jasoko dau eta. Amaiera ekitaldian emongo deutsie, baina, aurretik, Fant2Fun sail berezian Danteren film ezagun bi proiektauko ditue: Gremlins eta The Howling.
2017an hildako autore handi bi be gogoratuko ditu FANTek, Tobe Hooper eta George A. Romero. FANT Erreskatean atalean, ostera, William Dieterle-ren Portrait of Jennie filmaren kopia bermasterizadua aurkeztuko dabe.
Nekane Alonso zinegotziak nabarmendu dauenez, gero eta eskaintza zabalagoa dakar FANTek: Aurten 45 saio izango dira, zinemaz betetako 4.000 minutu baino gehiago. Justo Ezenarrok ondokoa ganeratu dau: Edozein zinemazalek bere pelikulea topauko dau, seguru.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!