Zuhar Iruretagoienaren bakarkako erakusketea BilbaoArten
2018-04-12 13:31 KultureaEskultura klasikoan oinarrituta, figureari eusten deutsen egiturak aztertu ditu.
BilbaoArteren historian, Zuhar Iruretagoiena da bakarkako erakusketa bi ipini dituan artista bakarra. 2008an bekadun izan zan Urazurrutia kaleko egoitzan eta aurreko hileetan barriro egon da bertan, Hebra izeneko erakusketarako materiala sortzen. Maiatzaren 11ra bitartean ikusi ahal izango da.
Eskulturak, koadroak eta argazkiak ipini ditu Iruretagoienak Hebra-n. Danak batzen dituan abiapuntua Greziako eskultura klasikoa da, zehatzago esanda, Greziako eskulturagileek momentu baten izan eben kezkea: Zelan egin mobimenduan dagozalako sensazinoa eragiten daben piezak, baina orekeari eutsita? Ordura arteko zurruntasuna alboratu eben, baina trukean, eskulturei euskarri moduko bat ipinten hasi ziran.
Euskarri horri erreparau deutso Iruretagoienak. Artearen alorretik baztertuta egon da elementu hori, obrearen parte ez balitz legez, ahal dala ebitau beharrekoa. Izen zehatzik be ez dauka, dino artista zarauztarrak. Baina, aldi berean, ezinbestekoa izan da artearen historian. Ezabatu nahi dan hori Greziako eskulturearen sasoi jakin baten sinbolo da.
Gaur eguneko elementuakaz alderatzen hasita, pole-dance jantzea gogora etorri jakon Iruretagoienari. Greziakoaren kontrakoa da, irudia edo artea bera da egitura hori, azaldu dau. Hartara, elementu biak batzea otu jakon eta holan sortu zan Hebra. Greziako eskulturak eta pole dance-a, biak nahastau ditu: Biakaz olgetan hasi eta konturatu naz antzekoak dirala gauza batzuetan.
Kontuak kontu, argazki handi batzuetan eta bideo baten batu ditu pole dance-aren mobimenduak. Koadroetan, ostera, Greziako eskultura klasikoak agiri dira, baina pole dance-aren mobimenduak ordezkatzen dituen marrakaz buztartuta. Azkenik, eskultura-moltso bat be ipini dau euskarriaren kontzeptua lantzeko. Eskulturetan libreago jokatu dot, baina egiturearen eta irudiaren arteko joko horri eutsita.
BilbaoArteko zuzendari Juan Zapater pozik agertu da Zuhar Iruretagoienaren erakusketea zabaldu ahal izan dabelako. Artisteak etorkizun oparoa izango dauela aurreikusi dau: Guk lan egiten dogu artistei zilegitasun bat emoteko, euren lana bultzatzeko; baina kasu batzuetan artisteak emoten deutso zilegitasuna BilbaoArteri, eta kasu horreetako bat da hau. Iruretagoienaren ezaugarri asko txalotu ditu: Formakuntza sendoa, jokera barriei beti adi, trebetasuna eta arriskuak hartzeko gogoa ditu zarauztarrak, Zapaterren ustez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!