Europako Hizkuntzen Mapea, barriro lehengo lekuan

Bizkaie! 2018-04-12 10:25   Kulturea

Donostiako Tabakaleraren kanpoaldean dago, kontinenteko hizkuntza aniztasunaren sinbolo legez.

Argazkia: Donostiako Udala | Ikusi handiago | Argazki originala

Donostia 2016 Europako Uriburutza Kulturaleko egitarauaren barruan, Europako hizkuntza guztiak erakusten dituan egurrezko mapa handia ipini eben Tabakalera eraikinaren kanpoko aldeko horman. Denpora bat pasauta, kendu egin eben eta, harrezkero, mapea lehengo lekura bueltetako aldarrikapena egin dabe hainbat herritar eta alkartek. Azkenean, ikusgai dago barriro mapea, lehengo lekutik hur, Tabakalerako sarrerearen alboan.

Europako Hizkuntzen Mapa barriaren inaugurazinoan erakundeetako ordezkari ugari egon dira: Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburorde Miren Dobaran, Donostiako alkate Eneko Goia, Euskera zinegotzi Miren Azkarate, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Bardintasuneko zuzendari Garbiñe Mendizabal, Tabakalerako Zuzendari Nagusi Edurne Ormazabal eta Bagera Alkarteko ordezkariak. Mapearen egile Manex Izagirre arkitektoak eta Iñaki Rifaterra artisteak be parte hartu dabe.

Mapa barria lehengoaren bardin-bardina da itxuraz, baina brontzezkoa da, eguraldiaren gorabeherei egurrak baino hobeto eutsiko deutsolako. Eibarko Alfa Arte tailerrean egin dabe. Donostiako Udala eta Bagera euskera alkartea urtebetez ibili dira alkarlanean mapeak barriro bere lekua bete daian.

Brontzezko mapearen ardurea Donostia 2016 Fundazinoak hartu dau bere gan, Kultura Uriburutzearen ondarearen erakusgarri. Bertan, Europako hizkuntzen errealidadea ezagutzeko aukerea dago, eta euskerea bertan kokatzen laguntzen dau.

Donostiako alkate Eneko Goiak honakoa esan dau: Euskerea eremu urriko hizkuntzea da, baina ez egitura eta borondate urrikoa. Guztion artean hegoak eta baliabideak emoten jarraituko dogu, bizi-bizirik jarraitu daian. Donostiarrei dei egin deutse, danen artean euskereari hegoak emoteko, Europako Hizkuntzen Mapan lekua izaten jarraitu daian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu