'Leo da Vinci: Mona Lisa misioa' filma dakar Zineuskadik

Bizkaie! 2018-04-13 09:41   Zinemea

Gaur, barikua, estreinauko dabe Euskal Herriko hainbat aretotan.

Zinema Euskaraz programearen hurrengo proposamena asteburuan helduko da zinema-aretoetara, Zineuskadi erakundeak jakitera emon dauenez. Leo da Vinci: Mona Lisa misioa marrazki bizidunetako pelikulea emonaldi berezian ikusi ahal izan zan apirilaren 8an Beasaingo Usurbe aretoan, EiTBren Hiru3 klubagaz batera antolatutako saioan.

Edozelan be, Hego Euskal Herriko beste areto askotan gaurtik ikusi ahal izango da filma. Zinema Euskaraz programeak euskerearen erabilerea bultzatzen dau eta horretarako euskerara bikoiztutako pelikulak eroaten ditu Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako areto komertzialetara. Umeentzako, gazteentzako zein familian ikusteko pelikulak izaten dira, sarri marrazki bizidunetakoak.

Italiatik datorren Leo da Vinci: Mona Lisa misioa be marrazki bizidunetan egindako lana da. Sergio Manfiok zuzendu dau eta Leonardo da Vinci Florentziako asmatzaile ezagunaren ibileretan oinarritzen da.

Euskal zinema-aretoetan ikusiko dogun abentura honetan, Leo da Vinci gaztea Mona Lisagaz maiteminduta agiri jaku. Sute baten erruz etxea galdu barri dau Mona Lisak eta hari laguntzeko abentura baten sartuko da Leo. Urte batzuk lehenago hondoratutako itsasontzi piratako altxorra berreskuratzeko asmoz, arriskuz betetako bidaiari ekingo deutsie Leok, Mona Lisak eta lagunek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu