PRE-FANT zikloa apirilaren 23an hasiko da Bilbon

Bizkaie! 2018-04-04 10:58   Zinemea

Ekimen guztiak BBK Aretoan, Guggenheim Bilbao Museoan eta Bilborocken izango dira.

Georges Franjuren 'Los ojos sin rostro' filma proiektauko dabe | Ikusi handiago | Argazki originala

Maiatzaren 4tik 11ra egingo dabe aurten Bilboko Zinemaldi Fantastikoa (FANT) eta dagoeneko aurretiazko hainbat jarduera iragarri ditue apirilaren 23tik 27ra. BBK Aretoan, Guggenheim Bilbao Museoan eta Bilborocken izango dira ekimen guztiak. Holan, PRE-FANT izeneko ekimenak aurten be Sitges Tour a Contracorriente esperientzia programau dau, Kataluniako zinemaldiko azken edizinoan parte hartu daben filmeen aukeraketeagaz eta fantasiazko zinema frantsesaren klasiko handien ganeko zikloagaz.

BBK Aretoko programazinoak saio bikotxak jasoko ditu hilaren 23an, 24an eta 25ean; arratsaldeko 18:00etan izango da lehenengo saioa eta bertan Frantziako zinema fantastikoko hiru lan klasiko ikusi ahal izango dira jatorrizko bersinoan, gaztelaniazko azpitituluakaz: Maurice Rourneurren La mano del diablo (1943); Luis Buñuelen El fantasma de la libertad (1975) eta Georges Franjuren Los ojos sin rostro (1960).

Bigarren saioa 20:00etan izango da eta ikus-entzuleek igaz produzidutako eta Sitgeseko Jaialdiaren azken edizinotik igarotako lan bi ikusi ahal izango ditue: Brian Taylorren Mom and Dand film estadubatuarra eta Shane Abbessen The Osiris Chil australiarra. Hilaren 26an, Bi Liu Jianen Have a Nice Day animazino film txinatar odoltsua eskainiko dabe sail horretan.

PRE-FANT-eko programazinoa, Guggenheim Bilbao Museoaren entzungelan, Ángel Sala Sitgeseko Jaialdiaren zuzendariaren eta Juan Zapater zine kritikari bilbotar eta BilbaoArteko zuzendariaren arteko topaketeagaz osotuko dabe. Salak idatzi dauen Just imagine. 50 títulos esenciales del cine de ciencia ficción liburuaren ganean egingo dabe berba jentearen aurrean.

Zikloak hilaren 27an, barikua, jarraituko dau, Bilborocken eskainiko daben saio bikotxagaz. Arrastiko 20:00etatik aurrera, Darkfest jaialdiko trailer faltsu finalistak eskainiko ditue, baita epaimahaiak aukeratutako irabazlea eta ikus-entzuleen boto gehien jaso dituana be. Saio horretara doazanek, FANTen Ikus-entzuleen Saria jasoko dauen trailer faltsuari be botoa emon ahal esango deutsie, lan horrek 200 euroko saria jasoko dau.

Epaimahaiak aukeratuko dau 700 euroko saria jasoko dauen trailer faltsu onena. Horrezaz gan, lehiaketeak irauten dauen bitartean, plataforman trailerrak ikusi ahal izango dira, sareetan konpartidu eta onenen aldeko botoa emon. Ikus-entzuleek aukeratutako lanak 350 euroko saria jasoko dau.

Trailer faltsuen emonaldiaz gan, apirilaren 27ko gaueko programazinoaren barruan, 80ko hamarkadako New Wave elektroniko onena omenduko dauen festa-ikuskizuna ospatuko da, 80´BEAT taldearen kontzertuagaz.

Beste alde batetik, aurten Bizkaiko beste herri batzuek be bat egingo dabe lurraldeko zinema fantastikoari buruzko ekitaldi nagusiagaz, FANT-egaz eta horretarako, aurreko egunetan proiekzinoak programauko ditue: apirilaren 17an, 21:00etan, Getxoko Kultura Etxean, Haritz Zubillaga zinemagile bilbotarraren El ataúd de cristal lehenengo film luzearen proiekzinoa ikusi ahal izango da Areetako Andrés Isasi Musika Eskolan; Barakaldo Antzokiak, bere aldetik, FANTen igazko edizinoa irabazi eban film laburren saioa jasoko dau apirilaren 24an, 19:00etatik aurrera.

Horrezaz gan, FNAC-ek, IMVAL – Estudios Audiovisuales etxeak emongo dauen film laburren gidoi tailerra programau dau apirilaren 24rako, eta apirilaren 28an, 18:00etatik aurrera, makillaje eta fantasiazko personaien karakterizazino tailerra atondu dau, umeei zuzenduta. Bilbon egingo diran jarduera guztiek sarrera librea izango dabe, leku guztiak bete arte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu