Joe Dante zuzendaria sarituko dau FANT jaialdiak

Bizkaie! 2018-03-28 12:46   Zinemea

Fantastikoaren Izarra emongo deutsie, fantasiazko generoaren alorrean egin dauen lanagaitik.

Maiatzaren 4tik 12ra egingo dabe FANT, Bilboko Fantasiazko eta Bildurrezko Zinemearen Nazinoarteko Jaialdia, eta sari berezietako bat nori emongo deutsien jakin eragin dau Bilboko Udalak: Fantasiazko Izarra izeneko saria Joe Dante zuzendari amerikarrak (New Jersey, 1946) jasoko dau, Campos Antzokian egingo dan inaugurazino-galan.

Fantasiazko generoan egin dauen ekarpena nabarmentzeko sarituko dabe Dante, izan be, ikus-entzuleen gogoan lekua egin daben film ugaritan parte hartu dau eta batez be aitagarria da 1980ko hamarkadan zuzendutako lanen zerrendea: Gremlins eta haren bigarren partea, Explorers, Innerspace eta abar. Orain arteko azken lana 2014an aurkeztu eban, Burying the Ex.

Steven Spielberg zuzendari ospetsuagaz alkarlan oparoan ibili zan 1980ko hamarkada haretan. Spielberg, batez be, zuzendu dituan pelikulakaitik ezaguna bada be, orduko haretan produktore lanetan ibilten zan, Dante zuzendari zala. Holan sortu zituen Gremlins saileko pelikulak, esaterako.

Omenaldia biribiltzeko, FANT2FUN sailaren barruan, maiatzaren 5ean, ikus-entzuleek Gremlins mitikoaz eta The Howling klasikoaz disfrutau ahal izango dabe, saio bikotxean. Film biak Danteren estiloaren erakusgarri garbia dira.

FANT jaialdiak igazko edizioan emon eban lehenengoz Fantastikoaren Izarra saria; kasu haretan, Barbara Crampton aktore estadubatuarrak irabazi eban. Bilbon izan zan Crampton eta haren pelikula batzuk proiektau zituen FANTen egitarauaren barruan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu