Euskal Zinemearen ordezkaritza zabala Nantesen

Bizkaie! 2018-03-27 13:21   Zinemea

Zortzi film luze eta hamalau labur proiektauko ditue Euskal Leihoa atalean.

'Errementari' filma | Ikusi handiago | Argazki originala

Nanteseko Festival du Cinéma Espagnol-ek 28. edizinoa ospatuko dau aurten eta, beste behin be, euskal zinemagintzeak ordezkaritza zabala izango dau bertan. Urtero 27.000 ikusle baino gehiago batzen ditu egitasmo honek. Holan, zinemagile euskaldunek zuzendutako zein Euskal Herrian produzidutako film luzeak eta laburrak ikusi ahal izango dira martiaren 28tik apirilaren 8ra.

Etxepare Euskal Institutuak, Euskadiko Filmategiagaz lankidetzan, babesten dauen Fenêtre Basque-k (Euskal Leihoa) adin txikiko izateari lagako deutso aurten: 18 urte beteko ditu euskal zinemagileek zuzendutako zein Euskal Herrian produzidutako zinemagintzearen leiho honek eta aurten zortzi film luze eta hamalau film labur eskainiko ditu, jaialdiko hainbat sailetan banatuta, jatorrizko bersinoan, frantsesezko azpitituluakaz. 2001ean sortutako atal honek Euskal Herritik kanpo topatu leiken euskal zinema programazino zabalenetarikoa eskaintzen dau eta euskal sortzaileen lana Frantziako ikusle, kritika eta zinema industriara zabaltzeko plataforma garrantzitsua dala dinoe antolatzaileek.

Euskal Leihoa-ren barruan honako film luzeak eskainiko dira: Arizmendiarrieta, el hombre cooperativo (Gaizka Urresti, 2017) Mondragon fundazinoaren sortzailearen ganeko dokumentala; Olivier Van der Zeerek zuzendutako Arte al agua. Los bacaladeros de Terranova (2017) eta Teresa eta Galtzagorri (Agurtzane Intxaurraga, 2017) animazinozko filma.

Lehiaketearen atalean be euskal zinemagintzearen ordezkariak izango dira: Handia filma (Jon Garaño eta Aitor Arregi, 2017) eta Fe de etarras (Borja Kobeaga, 2017). Opera Prima sailean, barriz, Paul Urkijoren Errementari (2017).

Beste alde batetik, komedia generoari leku berezia emon nahi izan deutsie eta jaialdian Rires et delirès izeneko zikloa atondu dabe aurten. Bertan, euskal pelikulak be izango dira: Airbag (Juanma Bajo Ulloa, 1997), Abracadabra (Pablo Berger, 2017) eta Pagafantas (Borja Kobeaga, 2009).

Euskal film laburrek be leku berezia izango dabe Nanteseko zinemaldiaren programazinoan. Alde batetik, eta urtero legez, Etxepare Euskal Institutuak eta Euskadiko Filmategiak film laburrak sustatu eta nazinoartekotzeko bultzatzen daben Kimuak plataformearen aukeraketea eskainiko da. Danetara, zazpi lan izango dira, guztiak 2017ko edizinokoak.

Ganera, Kimuak-ek hogei urte bete dituala ospatzeko, edizino guztien artean sarituenetakoak izan diran lanen aukeraketa bat egin da. Lan horreek Nantesen ikusi ahal izango dira.

Euskal zinemagintzea sortzaile zein erakundeetako ordezkariek lagunduta aurkeztuko da Nantesen. Edizino honetan, Miren Arzalluz izango da Sail Ofizialeko epaimahai burua. Etxepare Euskal Institutuaren zuzendaritzan urtebete emon ostean, Parisko Palais Galliera moda museoko zuzendaria da egun.

Euskal Leihoko hainbat filmen lan taldeetako sortzaileak be gonbidau ditue jaialdira: Bertan izango dira Juanma Bajo Ulloa, Paul Urkijo, Borja Kobeaga, Diego San Jose, Eneko Sagardoi, Agurtzane Intxaurraga, Pablo Berger, Gaizka Urresti eta Olivier Van der Zee.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu