Animakom, apirilaren 11tik 15era, Bilbon

Bizkaie! 2018-03-26 13:33   Zinemea

Animazino Zinemearen Nazinoarteko Jaialdian, Joy Batchelor zinemagilea gogoratuko dabe.

Nekane Alonso eta Pedro Rivera, aurkezpenean (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bigarren urtez egingo dabe Animakom, Animazino Zinemearen Nazinoarteko Jaialdia, apirilaren 15ean hasita. Pedro Rivero zuzendariak eta Develop alkarte kulturalak bultzatzen dabe, Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, SGAE Fundazinoaren, EHUren, Mondragon Unibersidadearen eta Laboral Kutxaren laguntzinoagaz. Pedro Rivero zuzendari eta jaialdiaren bultzatzaileak eta Nekane Alonso Bilboko Kultura zinegotziak jaialdiaren bigarren edizinoaren zehaztasunak azaldu ditue agerraldi baten.

Jaialdiaren egoitza nagusia Bilboko Dock espazioa izango da, Uribitarte pasealekuan, baina egitaraua Campos Antzokian hasiko da, Kim Keukeleire animazino zuzendariaren maisu-ikastaro bategaz; apirilaren 11n izango da hori, hasiera ofiziala baino lau egun lehenago. Ma vie de courgette film luzea proiektauko dabe gero.

Animafest-en helburuetako bat animazinoaren munduko emakume errealizadore, marrazkigile eta animatzaileen lana azpimarratzea dan ezkero, Animakom Saria emoten deutsie urtero zeregin horretan nabarmendu dan emakume bati edo talde bati. Edizino honetan, saria Joy Batchelor zuzendariari (1914-1991) emotea erabagi dabe, Abereen etxaldea film luzea zuzendu ebalako da ezaguna.

Abereen etxaldea ikusi ahal izango da Animakomen eta Batchelorren lanen atzera begirakoa be egongo da. Izan be, Batchelor emakume aktiboa izan zan eta danetariko lanak egin zituan: ilustratzaile, gidoigile, zuzendari eta produktore ibili zan.

Horrezaz gan, animazino lanen sariketea be egingo dabe Animakom jaialdiaren bigarren edizinoan. Maila bitan banatuta (profesionalak eta ikasleak), ehun film inguru izango dira lehian. Jasotako 1.500 lanen artean aukeratu ditue horreek.

Yves Nougarede Annecy-ko Animazino Zinemearen Jaialdiko programatzaileak, Priit Tender Estoniako zuzendariak eta Kim Keukeleire zuzendariak aukeratuko ditue lehiaketa ofizialeko hiru saridunak. Aurreko edizinoan, Zuzendari Onenaren Saria irabazi eban Britt Raes-ek, Petrit Gora Kosovoko Anibar jaialdiko zuzendari artistikoak eta Olatz Beobide aktoreak aukeratuko ditue ikasleen lehiaketako hiru irabazleak. Emakumeek egindako lanik onena, gidoirik onena eta Barrikuntza Saria be emongo ditue.

Proiekzinoez ganera, Animakomek prestakuntzarako tartea hartuko dau. Hain zuzen be, linternakaz animazinoa egiteko tailerra antolatuko dabe umeentzat, EHUko irakasleek koordinauta eta SGAE Fundazioaren laguntzinoagaz. Tailer hori apirilaren 14an egingo dabe, Campos Antzokiaren Cúpula aretoan. Doban izango da tailerra, baita proiekzino guztiak be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu