Egitarau berezia Euskadiko Filmategiaren eta Kimuak-en urteurrenak ospatzeko

Bizkaie! 2018-03-26 12:17   Zinemea

Filmategiak 40 urte beteko ditu eta Kimuak-ek, 20.

Nestor Basterretxea eta Fernando Larruquert, 'Ama Lur'-en errodajean | Ikusi handiago | Argazki originala

Gaur egungo euskal ikus-entzunezkoen panoraman ezinbestekoak diran eragile bik urteurren biribilak beteko ditue aurten. Euskadiko Filmategiaren 40. urteurrena eta euskal zinemea bultzatzeko Kimuak egitasmoaren 20.a datoz 2018an eta hori ospatzeko egitarau oparoa antolatu dabe Donostiako Tabakalera zentroan.

Programazino berezi horren bidez, filmategiaren eta Kimuak-en ibilbidea gogoratuko dabe eta euskal zinemagintzeak azken hamarkadetan emondakoari errepasoa egingo deutsie. Lehenengo saioa apirilaren 5ean izango da eta Nestor Basterretxeak eta Fernando Larruquertek zuzendutako Ama Lur proiektauko dabe. Film hori be efemeride bategaz lotuta dago, estreinau zanetik mende erdia beteko dalako aurten.

Apirilaren 5ean, Euskadiko Filmategiaren sortzaileetako batek, Peio Aldazabalek, gustukoen dauen pelikulea aurkeztuko deutse ikus-entzuleei, Faraon. Ume eta gaztetxuak zinemara erakarteko be aprobetxauko dabe Tabakalerako egitarau berezia, Karramarro uhartea pelikuleagaz.

Euskadiko Filmategiaren artxiboetan Euskal Herri guztia hartzen daben obrak dagozala gogoratzeko eta euskal ondare zinematografikoa aldarrikatzeko, beste saio berezi bat egingo dabe apirilaren 19an. Han proiektauko ditue Álava, Vitoria y su Caja de Ahorros y Monte de Piedad (1957), Ocharcoaga (Jorge Grau, 1961), Estropada berria -Regatas en Orio- (Jesús Almendros eta José Luis Arza, 1973), Nafarroako ikazkinak (Montxo Armendariz, 1981) eta Ikuska 14 (Antxo Eceiza, 1982). Danak dira dokumentalak.

Azkenik, amaierako jaia egingo dabe 26an, euskal zinemagileen talentua eta etorkizuna ospatzeko, antolatzaileen esanetan. Kimuak programan parte hartu daben hainbat film labur eskainiko ditue: La guerra (Luiso Berdejo eta Jorge Dorado, 2005), Éramos pocos (Borja Cobeaga, 2005), On the line (Jon Garaño, 2008), Minerita (Raúl de la Fuente, 2013), Zarautzen erosi nuen (Aitor Arregi, 2014) eta 7:35 de la mañana (Nacho Vigalondo, 2003).

Egitarau osoa hemen.

Euskadiko Filmategia 1978ko maiatzaren 1ean sortu eben Peio Aldazabalek, Juan José Almuedok, José Luis Basocok, Nestor Basterretxeak eta José Manuel Gorospek. Euskal Herriko ikus-entzunezkoen arloko ondarea osotzen dauen materiala gordeteko beharra ikusi eben. Euskal artxibo zinematografiko bakarra danez, erreferentzia garrantzitsua da ikerlari, produkzino-etxe, banatzaile, telebista, ikasle eta abarrentzat. Gaur egun 5 miloe metro daukaz euskarri zinematografikoan eta 17 miloe metro euskarri bideografikoan. Horrezaz gan, han gordeten ditue  Donostiako Zinemaldiaren eta Euskal Telebistaren materialak. 2004an fundazino bihurtu zan.

Beste alde batetik, Filmategiaren ekimenez sortu zan, 1998an, Kimuak egitasmoa, euskal film laburrak nazinoartean sustatu eta banatzeko helburuagaz. Urtero deialdia egiten dabe eta urte horretan EAEn produzidu diran lan guztiek parte hartu leikie. Epaimahaiak aukeratutako lanakaz katalogo bat argitaratzen da. Eusko Jaurlaritzearen eta Etxepare Institutuak laguntzen deutsie programa honi.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu