Bilboko Fantasiazko Zinemaldiak 1.056 film jaso ditu

Bizkaie! 2018-03-23 13:14   Zinemea

Maiatzaren 4tik 11ra izango da aurtengo edizinoa.

Lanak aurkezteko epea amaituta, Bilboko Fantasiazko eta Bildurrezko Zinemaldiak, FANT-ek, 1.056 film jaso ditu, igaz baino 125 gehiago, mundu osoko 50 herrialdetatik heldutakoak.

Zinemaldiak aurrera jarraituko dau epaimahaiaren eta ikusleen eretxiz onenak izan diran film laburrei emoten jakezan 3.000 euroko sari bigaz eta epaimahaiaren ustez, Euskal Herriko film labur onenari emoten jakon 2.000 euroko sariagaz. Horrezaz gan, aurten 1.500 euroko saria gehituko da, Panorama Fantastiko Laburreko Film Labur Onenarentzat. Bilboko Udalaren eskutik, film labur formatua bultzatzeko lau sari dira, izan be, hori da Fantasiazko Zinemaldiaren nortasun ikurretako bat.

Barrikuntza moduan, FANTen hurrengo edizinoak ekarpen ekonomikoa gehituko deutse film luzearen alorreko sariei. Holan, Sail Ofizialeko Film Luze Onenak 3.500 euro jasoko ditu, eta Panorama Fantastiko Saileko Film Luze Onenak, 2.250 euro. Izan be, Panorama Fantastiko Saileko sarietara bideratzen diran ia 4.000 euroakaz, berretsi egiten da zinemaldiak eta Bilboko Udalak zinemagile gazteen lanaren alde egiten daben apustua.

Horrezaz gan, Euskal FANT Laburrean saileko antzezpen onena lehen aldiz sarituko dauen Euskal Aktoreen Batasunaren sari barria be emongo da. Sari hori aukeratzea, Euskal Aktoreen Batasunak izentautako epaimahaiaren esku egongo da.

Epaimahaiari jagokonez, FANTek Sail Ofizialerako epaimahaia osotuko daben personak ezagutarazo ditu: Joanes Urkixo idazle eta gidoilaria; Koldo Almandoz zinemagile donostiarra, nazinoarteko hainbat jaialditan aukeratu eta saritutako filmen egilea, Cannesen, Donostian, Rotterdamen, Baficin, Habanan, Dei Popoli Jaialdian, Ficalin, ZINEBIn, baita FANTen be; eta zineman aditua dan Janire Zurbano kazetaria, Cinemanía aldizkariko erredaktorea eta ohiko kolaboratzailea beste komunikabide batzuetan.

Panorama saileko epaimahaian, bestalde, Daniel Romero zinemagilea, Mentxu Sesar bideoklip, film labur eta dokumental zuzendaria eta Vanesa Fernández Guerra Ikus-entzunezko Komunikazinoan doktore  eta ZINEBIko zuzendari barria izango dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu