Artzain Eskolatik pasautako 270etik gora ikasleek artzaintzearen jarraipena bermatzen dabe Euskadin
2018-03-09 10:00 KultureaArtzain Eskoleak Makatza baserriko Pedro Gabiria eta Ines Argarate artzainak omendu ditu, baita Eskoriatzako Udala be, artzainen alde egindako lanagaitik.
Oraintsu egin da artzain ikasketen XXI. ikasturtea zarratzeko ekitaldia Gomiztegi baserrian; ikasturte hau 11 ikaslek amaitu dabe. Bertan entregau jakez diplomak eta makilak, artzain prestakuntzea jaso dabela egiaztatzeko.
Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuorde Bittor Oroz izan da buru ekitaldian eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari Ikerne Zuluaga; Gipuzkoako Nekazaritza eta Landa Inguruneko zuzendari Xabier Arruti; Gipuzkoako Mendien eta Natura Inguruneko zuzendari Arantxa Aristimuño; Arabako eta Bizkaiko foru aldundietako ordezkariak, eta Arantzazuko Eskolako ordezkari Batis Otaegi be izan dira.
Ikasturte honetan emakume bakarra egon da, eta diplomea eskuratu daben ganerako 10 ikasleak gizonak dira. Azpimarratzekoa da ikastetxetik igaro diran ikasle gehienak 30 urtetik beherakoak dirala: Datua garrantzitsua da, izan be, horrek ziurtatzen dau Artzain Eskolea garrantzitsua dala artzaintza sektorearen barruan belaunaldien erreleboa lortzeko eta Euskadin artzantzeari eusteko. Holan nabarmendu dau Nekazaritza, Arrantza eta Elikaduraren Politikako sailburuorde Bittor Orozek: Ardiaren sektorearen etorkizunak milaka urteko jarduera hau prestigiatzea eta gure gazteak erakarri behar ditu. Funtsezkoa da sektoreak etorkizuna izatea ze horrek ahalbidetuko dau belaunaldien arteko erreleboa eta artzaintzea, lan bokazionala izateaz gan, enplegua, aberastasuna eta ongizatea sortzen dituan jarduera ekonomikoa dala eta lehen sektorearen eta Euskadiko landa inguruneak bizibarritzeko oinarrizko osogaia dala be onartzea.
Ikasleei egindako lanagaitik zorionak emon ondoren eta euren etapa profesional barrian etorkizun ona opatu eta gero, Oroz sailburuordeak animau ditu lehen sektore estrategikoa eta lehiakorra garatzen laguntzeko daben aukerea erabili deien: Orain dozue aukerea sektore honetako eta Euskadiko elikadurearen balio kateko partaide izateko, eta aukerea dozue, baita be, kalidade produktuak, produktu osasungarriak eta iraunkorrak lortzearen alde lan egiteko, produktu horreek baitira kontsumitzaileek gero eta gehiago eskatzen dituenak. Eta gu, Eusko Jaurlaritzatik, lagundu egingo deutsuegu lan horretan.
Plan honen helburuak dira sektorea indartzea, bertako produktuak, kalidadekoak, seguruak eta iraunkorrak gehiago produzidu eta kontsumidutea, eta elikadurearen balio kateko agente guztien lehiakortasuna hobetzea, barrikuntzearen, ezagutza barrien eta lankidetzearen bitartez. Gastronomia eta Elikaduraren Plan Estrategikoak proponiduten dau elikadurearen eta gastronomiaren balio katearen pisua handitzea euskal Barne Produktu Gordinea, egungo % 10,56tik % 12ra igarota, lau urtean.
Artzain Eskoleak Makatza baserriko Pedro Gabiria eta Ines Argarate artzainak omendu ditu, baita Eskoriatzako Udala be, artzainen alde egindako lanagaitik.
2017/2018 ikastaroko ikasleen profila
Ikasturtea amaitu daben 11 ikasleetatik 10 gizonak dira eta bat emakumea. Jatorriari jagokonez, barriz, 6 Euskadin bizi dira, eta ganerako 5ak Nafarroatik etorri dira.
Artzain ikasturte honetan eta aurrekoetan, ikasle gehienak 30 urtetik beherakoak dira. Datu horrek bermatzen dau zentroa garrantzitsua dala belaunaldien erreleboa lortzeko. Ganera, diplomea eskuratu dabenen erdiak baino gehiagok zeozelako loturea dabe etxean artzaintzeagaz, eta horrek baieztatzen dau lanbideagazko bokazino sendoa eta artzaintzearen sektoreagazko konpromisoa dabela.
Kontuak kontu, Artzain Eskolearen 21 urteetan 270 ikaslek eskuratu dabe diplomea, eta horreetatik 212 gizonak dira eta 58 emakumeak.
Ikasle guztien % 69 Euskal Autonomia Erkidegotik etorritako gazteak dira eta % 15 Nafarroako Foru Komunidadetik etorritakoak. Eskoleak beste autonomia erkidego batzuetako ikasleak be hartu ditu, % 7; baita atzerriko herrialdeetatik be, % 9.
Ikastaroaren ezaugarriak
XXI. ikastaro trinkoa 2017ko urrian hasi zan, eta bost hilebete iraun dau: 810 ordu guztira. Modulu teorikoez gan, ikastaroaren zatirik handiena hartzen baitabe, ikasleek praktikak egin ditue artzain profesionalen baserrietan, eta ekintzailetzara bideratutako zati bat be badabe, eskola proiektu bat landu behar izateaz gan.
Ikastaroaren edukiari jagokonez, historiari eta artzaintza iraunkorrei lotutako gaiak landu dira, artaldearen elikadurea eta ugalketearen eta hautaketearen manejua, marketina eta merkaturatzea, kudeaketa tekniko-ekonomikoa eta gaztai, gaztazahar, mami eta zezinearen elaborazinoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!