Klaas Van Gorkum eta Iratxe Jaioren obrak, Bilboko La Taller-en
2018-03-09 09:46 KultureaNire ama Roman hil da erakusketea maiatzaren 5era arte egongo da.
Iruña-Veleiako aurkikuntza arkeologiko polemikoetatik abiatu, eta egiazko-faltsu dikotomiatik urrundu nahi izan dabe Klaas Van Gorkum eta Iratxe Jaio artistek euren erakusketa barrian. Erromatarren Inperioaren sasoiko euskerazko testuak eta kristautasuna Euskal Herrira ordurako helduta egoala erakusten eben irudiak agertu ziran Iruña-Veleiako aztarnategian orain dala hamar urte pasautxu. Gerora, faltsuak zirala erabagi eben adituek.
Van Gorkumek eta Jaiok banan-banan kopiau eta erreproduzidu ditue Iruña-Veleian agertutako 907 idazkunak, faksimil eran. Ganera, bideo baten hainbat adituren eretxiak batu ditue, batzuk faltsutasunaren aldekoak, beste batzuk kontrakoak. Era horretara, agertutako piezak eta informazinoa emon nahi izan deutsie publikoari, egiazkoa-faltsua dikotomiatik haragoko gogoetea egin eta ondorioak atera deiezen.
Nire ama Roman hil da erakusketeak alderdi artistikotik heltzen deutso gai polemiko bati. Helburua ez da Iruña-Veleiako aztarnak benetakoak diran ala ez ebaztea, ezpada beste ikuspegi batzuk bilatzea. Ezagutzeagaz eta autoridadeagaz lotutako gogoetak bultzatzen ditu, baita historia eregiteko moduen ingurukoak be.
Erakusketearen lagungarri, liburu artistiko bat plazaratu dabe. Bertan, 907 pieza arkeologikoak banan-banan erreproduzidu ditue, teknika zahar bat erabilita: Mimeografia. Prozesu astun eta nekeza da, makina berezi batez egina eta eskuetan trebetasun handia eskatzen dauena. Liburuak artista bien eta Iñaki Martinez de Albeniz eta Harkaitz Canoren testuak dakarz.
Bilboko Solokoetxe auzoko La Taller gunean dago ikusgai Nire ama Roman hil da erakusketea, maiatzaren 5era arte. Proiektu berezia da La Taller: Bertako arduradunek tailer eta grabaduen galeriatzat aurkezten dabe.
Iratxe Jaio eta Klaas Van Gorkum artista grafikoak 2001ean hasi ziran alkarlanean. Bideo, argitalpen eta instalazino artistikoak sortzen ditue, egiletzea, nortasun kulturala, produkzinoa eta antzeko gaiak jorratzeko. Estudiotik kanpo, espazio publikoa da euren lanlekua, baina objektuagan beragan eta berau sortzeko prozesuan topau dabe gizartearen eta artistearen arteko hartu-emona aztertzeko oinarria.
2008an Gure Artea saria emon eutsien. Ganera, mundu zabaleko hainbat galeria eta aretotan erakutsi ditue euren artelanak Jaiok eta Van Gorkumek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!