'Mundua geratuko dogu mundua mobiduteko'

Bizkaie! 2018-03-08 10:25   Kulturea

Euskal Herriko Bilgune Feministeak gaur, martiaren 8an, greba feministea egiteko eskatzen deutsegu Euskal Herriko emakume guztiei.

Patti Martinez-ek diseinau dau aurtengo Bilgune Feministako martiaren 8ko irudi nagusia. | Ikusi handiago | Argazki originala

Aldaketearen arotzat jo dabe hainbat jakintza esparruetako ikerlariek zein mobimentu sozialek XXI. mendea. Bistakoa da, azken urte honeetan guztietan, eraldaketa ugari jazo dirala hainbat eremutan, besteak beste, elikagai eta kontsumo ohituretan, enpleguan, bizikidetza eta bakegintzan, iruditegi sozial eta kulturalean, bizi ereduetan, komunikazino moduetan... Horrezaz gan, kapitalismoaren ziklo baten amaierea, XX. mendeko instituzino zaharren gainbeherea, hain zuzen be, ongizate egoerearena, baita, zelan ez, patriarkatuak forma eta adierazteko modu barriak ditu gaur egun, eta, batik bat, larria dala uste dogu feminismoa asimilau eta edukiz husteko egiten dagoan ahalegina. Agirikoa da mundua aldatzen doala eta , gauzak holan dirala, feministok etenbarik gabiz itsasontzia hondoratu ez daiten, lehorreratzeko ahaleginean; estrategia barritzaileak sortu eta proponiduten.

Fantasia kapitalistea hausten dago. Aurrerabidearen, bardintasunaren eta ongizatearen promeseagaz limurtu nahi gintuen kapitalismo batetik, gitxi batzuentzako lekua besterik ez dagoala argi autortzen dauen kapitalismo batera igaroten gagoz. Sinistarazi nahi euskuen proiektu kapitalistearen barruan posible zirala oinarrizko eskubide politiko eta ekonomikoak izatea, zein sexu identidade eta jendarte demokratikoagazko errespetua. Baina neoliberalismoaren sedukzino maskarak bistan dagoz. Eta horrek zer esan nahi dau? Emakume langileok, migranteok, bollerok... munduaren periferiara zokorarazotea eta indarkeria areagotzea, eta horren adibide dira: proiektu estraktibistak, errefuxiatuen kontrako erasoaldia, feminizidioak, ekintzaileen kontrako jazarpenak...Mahai gainean dogun proiektu neoliberal kapitalistea gero eta autoritariagoa, kontserbadoreagoa eta arrazistagoa da, eta horrek, batez be, honako ondorio nagusi bi dakarz: batetik, bizitza eta kapitalaren arteko gatazka areagotzea, besteak beste, bizitzaren merkantilizazinoa, botere trasnazionalaren kontzentrazinoa, danon ondare diranen pribatizazinoa, bioekonomien hedapena... Eta bestetik, herritarren eskubideak deuseztatuz, batez bere, emakumeonak eta murrizketak eginez, interes kapitalistak defendiduten dituen botere instituzionala gailentzea.

 

Eta Euskal Herrian zer?

Dagoeneko ez gagozela krisian dinoskue, baina erreprodukzino sozialaren krisia erroturik dago gurean. Alde batetik, bizitzaren prekarizazinoa orokortzen eta larritzen dago. Egoera honetan biziten sostengua eta jagoletzea barriro be etxeen esku gelditu da, emakumeek egiten dogun lan ikusezinaren esku. Bestetik, bazterketa prozesuen areagotzea bizi dogu. Honezkero, gatazkea ez da dabenen eta ez dabenen artekoa, egungo bazterketa prozesuak jatorria, sexua, arraza eta beste hainbat zutabeetan oinarritzen dira.

Hamar urte igaro dira kapitalismoaren askotariko krisiak eztanda egin ebanetik, eta dagoeneko ez dogu krisi berbarik ahotan, bizi baldintzen okertze orokortua normalizatzen gagozalako. Oraintsu sortutako herritarren arteko bereizkeria forma barriez gan, zaharrak be indartu dira. Hona jarraian, egun, ohikoak diran esapide batzuk: ez dakit hurrengo hilean enplegurik izango ete dodan edo ez, alokairua ordaintzeko lain diru izango ete dot hurrengo hilean?, 24 ordu egiten ditut lan eta nire bizitza pertsonala eta intimorako ez dot aukerarik, pentsinorik izango ete dot?, Ekilibristea emoten dot enplegua eta jagoletza ardurak bateratzeko... Eta hori gitxi balitz legez, prekarizazino egoera horreen normalizazinoaz gan, sarritan egoera horreek lgebidezkotzen doguz norbanakoon arrakasta eta porrot modura, eta ez, barriz, prozesu kolektibo moduan. Bizitzen prekarizazinoaren ezaugarri nagusia hauxe da: Biziteko beharrezkoak doguzan baliabideak lortzeko egiturazko segurtasun eza. Beharbada badogu sarbidea baliabideetara, baina ez dakigu aurrerantzean izango dogun bai ala ez, zenbat denporaz... eta hori gitxi balitz bezela, eskuratze hori ez dagoala gure esku eta ez dogula nahikoa sare ehundua babesteko. Horregaitik, uste dogu sutsu heldu behar deutsagula krisiaren ideari, hori egin ezean, egiturazko bereizkeriak normalizauko doguzalako.

 

Baina... emakumeok mundua geratuko dogu, mundua mobiduteko

Urte honeetan guztietan, mobimentu feministeak etenbarik gaurkotu ditu jendartean errotutako sistema kapitalista patriarkalaren barruko bereizkeriei aurre egiteko teoriak eta estrategiak, baina, batez be, ekarpen bi azpimarratuko geunkez: bata, feminismoak sistema sozioekonomikoari aurre egiteko dauen ikuspegi integrala litzateke; gure esperientzia ekonomikoan oinarrituta, ekonomia eta jendarte kapitalisten funtzionamendu ankerra ulertzeko kapaz gara, hain zuzen be, emakumeon bizitzak ahalbidetu deuskue ikustea gu gagozala ekonomiaren erdigunean. Badakigu, ekonomia ez da bakarrik enplegua edo arlo produktiboa deitu jakon hori. Eta bestea, produkzinoaren alorrean zein erreprodukzinoarenean dagozan desbardinkeriak ezin dirala askatu modu isolatuan. Sistema honi emon beharreko erantzunak beraz hainbat esparrutan egin behar doguz.

Horregaitik guztiagaitik, martiaren 8an greba feministea egiteko eskatzen deutsegu Euskal Herriko emakume guztiei.

- Kapitalaren eraso globalaren aurrean, askotarikook, hangoak eta hemengook, hemen eta han alkartuta egingo dogu grebea.

- Ez gara lehenak, ezta azkenak izango bere, emakumeok greba asko eta askotarikoak egin izan doguz eta. Bejondeizuela atzokoei, gaurkoei eta biharkoei!

- Grebea tresna bat da guretzat, ez helburu bat. Zertarako?

Sistema menperatzaile, patriarkal, kapitalista, heteroarautzaile, misogino... horren aurrean, eraldaketarako eta konfrontazinorako subjektu politiko legez agertzeko.

- Ekonomiaren ezkutuko dimentsinoak bistarazoteko.

- Alkar ezagutzeko, enpatizetako, babesteko eta zelan ez, saretzeko eta aliantzak egiteko.

- Kapitala erakunde abstraktu bat ez dala salatzeko.

- Ongizate kolektiboa bermatzeko ekonomia eredua sustatzeko.

- Grebea transizino feministarako tresnea da.

- Gure burrukeak lan esparrua, politika, bizitza eta ekonomia zeharkatzen ditu. Bizitzaren dimentsinoa bere osotasunean barrubatzen dauen grebea da hau. Bizi prekariedaderen aurrean, ondo biziteko trantsizino feministea hauspotzen jarraitzeko konpromisoa hartzen dogu.

- Eredu osoa aldatuko daben proposamen politikoakaz aterako gara kalera, baita Bilgune Feministako kideok be.

- Burujabetza Feministea eregiteko egingo dogu grebea. Burujabetzearen irakurketa erradikala egin dogu feministok, prozesu indibidual eta kolektibo lez irudikatzen dogulako. Gure gorputzetatik herrira egin nahi dogu salto, bide bereizezinak diralako. Ezin dogu nazinoa aldarrikatu gure bizitza alde batera itxita. Burujabe izatea gure gorputz eta harreman sexu-afektiboen jaube izatea da, osasuntsu egoteko bideak jorratzeko aukerea izatea, bakea era kolektiboan eregiteko, elikadura subiranoa izatea, mala energetikoani buruaskiak izatea, eskubide kultural eta linguistikoen jaube izatea, hezkuntza sistema propioa eta kalidadezkoa izatea, oinarrizko behar materialak asebeteteko baldintzak izatea. Emakume, bollera, trans, migrante, gazte edo zahar lez libre izatea da burujaubetza feministontzat.


Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu