1.609.809 emakume greba eta mobilizazinoetara deituta M-8an Euskal Herrian
2018-03-08 09:21 KultureaHego Euskal Herrian etxeko-lanei ekiten deutsien inaktibotasuna edo jarduera eza bizi dabenen % 89,9 emakumezkoak dira.
Gaur, Martiaren 8an, Emakumeen Nazinoarteko Egunean, 1.609.810 emakume greba eta mobilizazinoetan parte hartzera deituta dagoz Euskal Herrian. Horreetatik, 606.800 lan merkatuan lanean dabiz, eta beste 276.750, jarduerarik eza bizi dabe, lan egoereari buruzko estadistika ofizialen arabera (INE eta INSEE).
Egungo ekonomia eta ondasun sorrerearen kontzeptualizazinoan lan merkatuaren eta etxeko lan eta zaintzen ganeko dikotomiak sakonki erroturik jarraitzen dau. Gero eta gehiago dira lanaren esparru formalean lanean dabizen emakumeak, baina male breadwinner-a indarrean da oraindino: emakumezkoen jarduera-tasa gizonezkoena baino 8,7 puntu apalagoa da (2017).
Laneratze formalaren esparruan, Hego Euskal Herriko kasuan (2017) emakumeak nagusi dira Oinarrizko lanbideetan (% 70,6), Kontabilidadeko- administrazinoko langile eta bulegoko beste langileetan (% 66,4), Jatetxeetako, zerbitzu pertsonaletako eta babes zerbitzuetako langile eta saltzaileen (% 66,0) artean. Kategoria sozioprofesionalen sailkapena desbardina da Ipar eta Hego Euskal Herrian. Izan be, Ipar Euskal Herrian (2014) emakumezkoen presentzia oso metatuta dago Enplegatuetan (% 82,8), hau da, pertsonal zerbitzuetan (% 93,0), enpresetako bulego lanetan (% 85,1), merkataritzan (% 80,3) eta administrazino publikoan (% 79,8).
Lan esparru informalaren ganeko zama tarteko lanaldi partzialen feminizazino-maila handia da Euskal Herrian (% 76,4). Apur bat handixeagoa da Ipar Euskal Herrian (% 78,3) Hego Euskal Herrian baino. Ipar Euskal Herrian, ostera, eginkizun familiarrak eta ibilbide profesionala buztartzeko neurrien presentzia indartsuagoa da eta emakumeon egoera sozioprofesionala sano hobea da. Hori dala eta, jarduera eza bizi dabennen feminizazino-maila nabarmenagoa da Hego Euskal Herrian (15-64 urte bitartekoen % 59,4a). Euskal Herriko inaktibo multzo honetan emakumezkoen nagusitasuna handia da 35-54 urte bitartean (% 71,6), batez be, 35-44 urte bitarteko belaunaldian (% 75,4).
Euskal Herri osoko errealidade zehatza ezagutzeko inkesten faltea bada bere, Hego Euskal Herrian etxeko-lanei ekiten deutsien inaktibotasuna edo jarduera eza bizi dabenen % 89,9 emakumezkoak dira, estadistika ofizialen arabera. Jokeraz, emakumezkoen nagusitasun hori motel doa apaltzen, eta azken hamarkadan, bost puntu inguru jaitsi da. 2015. urtetik, ekonomiaren susperraldiaren eskutik, jokera hori eten eta etxeko-lanei loturiko inaktibotasunaren feminizazinoa handitzen doa barriro.
Informazino gehiago Gaindegia-ren webgunean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!