'Nevadako egunak' eta 'Twist', ingelesez
2018-03-07 11:30 KultureaEtxepare Institutuak euskal idazleen lana nazinoartekotzeko emoten dauen babesaren ondorioa dira itzulpen biok.
Gaur egungo euskal literaturako idazle handi biren nobela bana ingelesez irakurri leitekez dagoeneko, Etxepare Euskal Institutuak jakitera emon dauenez. Bernardo Atxagaren Nevadako egunak eta Harkaitz Canoren Twist dira horreek liburu biak. Lehenengoaren itzulpenari Nevada Days izenburua ipini deutsie eta Canoren liburuaren izenburua bere horretan itxi dabe.
Bernardo Atxagaren Nevadako egunak Margaret Jull Costak itzuli dau, eta Maclehose Press Editions argitaletxearen eskutik kaleratu dabe. Atxagaren beste zazpi lan be ingelesera itzuliak ditu etxe horrek. Izan be, Atxaga euskal idazleen artean ezagunenetako bat da nazinoartean, haren liburuak makina bat hizkuntzatan irakurri leitekez.
Nevadako egunak kronikea da hasieran, eta amaieran nobelearen itxurea hartzen dau. Istorioan aurrera egin ahala agertzen diran pieza guztiek giza-esperientzia dabe abiapuntu. Estadu Batuetako Nevada estaduan pasautako denporan, 2007ko abuztutik 2008ko bagilera, idazleak bizi eta pentsautakoak azaltzen ditu, baina beste pertsonaia batzuk be hartzen ditu aintzat. 2014an, Euskadi Literatura Saria irabazi eban Atxagak lan honegaz.
Bestetik, Amaia Gabantxo itzultzaile, abeslari eta irakasleak itzuli dau Twist ingelesera, eta Archipielago Books etxeak argitaratu dau. 2011n plazaratu eban Harkaitz Canok, eta 2012an Euskadi Literatura Saria emon eutsien. Istorio honen protagonista nagusia Diego Lazkano da. 1980ko hamarkadan, Soto eta Zeberiogaz batera komando baten egon zan, baina dana aldatu zan torturapean bere lagunak salatzean. Ondorioz, Guardia Zibilek Diegoren lagunak atxilotu eta torturau ditue, hil arte. Momentu horretatik aurrera, Diegok Soto eta Zeberioren presentzia sentidu eta horrek bere bizitzea baldintzatuko dau.
Etxepare Euskal Institutuak azaldu dauenez, urtero laguntzinoa emoten dau euskal idazleek nazinoarteko merkaduan lekua egin deien. Euskerazko liburuen ingelesezko itzulpenak bultzatzen ditu eta lan horren emoitzea dira orain argitaratutako ale biak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!