Fikzinoa eta errealidadea buztartu ditu Xabier Amurizak
2018-03-07 08:04 KultureaAbadeen kartzelatik iges egiten ahalegindu ziranekoak kontetan ditu Neska bat leku inposiblean nobeleak (Elkar).
Francoren diktadurearen urteetan, gauza jakina da Xabier Amuriza eta beste euskal abade batzuk Zamorako kartzelan preso egon zirana. Ez da horren ezaguna, baina benetako jazoerea da, iges egiteko tunela egin ebela eta urtetear egon zirala, baina azken orduan harrapau egin zituen. Tunela egin ebeneko bizipenak nobela baten kontau ditu Amurizak, fikzinozko beste jazoera bat gehituta: Igesaldia preparetan laguntzen dabilen neska bat agertzen da.
Neska bat leku inposiblean izenburua jarri deutso Amurizak errealidadea eta fikzinoa buztartzen dituan nobela barriari. Donostian egin eban atzo aurkezpena, goizean, eta arratsaldean Bilbon emon zituan azalpenak, Loraldiaren barruko berbaldi musikatuan. Donostiako hitzorduan azaldu ebanez, Zamorakoa kartzela berezia zan, abadeentzat egokitua.
Hortaz, abadeentzako espetxe baten neska bat agertzea guztiz ezinezkoa da, hortik liburuaren izenburua. Baina, kontua da, kontakizunean agertu agertzen jakela neskatoa abadeei, baita tunela egiten lagundu be. Errealidadean, urte eta erdi ibili ziran lanean eta tunelaren beste aldeko argia ikustera heldu ziran, baina ezin iges egin, azken orduan harrapau zituen eta.
Fikzinozko detaileak gorabehera, Amurizak errealismo handiz azaldu dau orduko egoerea, tunelaren historiaren nondik norakoak agertuz eta abadeen kartzelan egozanen burutazinoak gogoratuz. Hori guztia, idazteko estilo bizi, malgu eta adierazkorrean, Elkar argitaletxekoek azpimarratu dabenez.
Xabier Amuriza, abadetzea itxi ebanean, sortzaile polifazetiko bihurtu zan. Bertsolaritzeak egin eban ezagun, baina makina bat liburu idatziak ditu. Nobelen artean, Neska bat leku inposiblean ez da lehenengoa, inondik inora be: 1983an argitaratu eban ezagunenetako bat, Hil ala bizi. Beste generoen artean, euskerearen inguruko gogoetak eginak ditu, poesia be bai, bertsolaritzarako Hiztegi Errimatua ospetsua...
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!