'Humboldt eta Euskal Herria. Humboldt-en ikerlanak euskal nazinoari eta hizkuntzeari buruz'
2018-03-06 10:03 KultureaWilhelm von Humboldt, euskal gaiei buruzko ikerlanen bultzatzaile nagusietakoa izan zan XIX. mendean.
Prusiako humanista, politikari, hizkuntzalari eta, XIX. mendearen hasieran, euskal ikasketen bultzatzaile nagusi izan zan Wilhelm von Humboldt (1767-1835) jaio zanetik 250 urte bete diranean, UPV-EHUko Filosofia Saileko Iñaki Zabaleta Gorrotxategi irakasleak berbaldia emongo dau Bilbon, martiaren 7an, 19:30etik aurrera, Sabino Arana Fundazinoan. Bertan, Humboldtek euskal nazinoari eta euskereari buruz egindako ikerlanez jardungo dau.
W. von Humboldt itzal handiko pentsalaria izan zan; hainbat hizkuntzatan berba egiten eban eta, 1810. urtean, bere izena daroan unibersidadea sortu eban Berlinen. Alemaniako unibersidade harek, gehienbat, hezkuntzea eta ikerkuntzea jorratu zituan eta haren egiturea eredugarria izan zan XIX. mendean beste unibersidade askorentzat, besteak beste, Johns Hopkins (AEBetan, ikerkuntzan oinarritutako lehen unibersidadea) Harvard, Duke edo Cornell unibersidadeentzat. Alemaniako Hezkuntza ministroa izanik, Humboldtek ikasketa-planak aldatu eta irakasleen nahiz ikasleen arteko hartu-emonak estutzeko programak indartu zituan. Azpimarratu behar da, ezinbestean, Humboldt Unibersidadearen ereduak eragin handia izan dauela beti Europako eta mendebaldeko beste unibersidade batzuetan.
Wilhelm von Humboldt, pentsalaria, estadu-politikaria, hezkuntza-ereduaren eraldatzailea, hizkuntzalaria, historialaria, humanistea eta euskaltzalea, Euskadin izan zan 1799 eta 1801 urteen artean. Bidaia horreei esker, gertutik izan eban euskerearen barri eta gure hizkuntzeari buruzko hainbat lan prestatu zituan. Euskal Herria ikertu eban nazino lez, ohar etnografikoak batu eta euskerea bera ikertu eban. Humboldtek inoanez, euskerea hizkuntza berezia da, lexikoari, morfologiari nahiz ahoskereari jagokenez; esangura horretan, Humboldtentzat, euskerea talde etniko jakin baten berezko ezaugarria zan: herri berezi baten ezaugarririk behinena.
Humboldten eretxiz, hizkuntzea herri baten nortasunaren adierazgarria da eta euskerearen inguruko lotura estua atzemoten eban Espainia eta Frantziako muga politikoen gainetik.
Euskadira lehenengoz etorri zanetik, Humboldtek euskal gaia jorratu eban behin eta barriro, baina, bere testuetan, beti ez da erraza izaten euskal gaiakazko loturea igartea.
Iñaki Zabaletak, Wilhelm Von Humboldt eta Euskal Herria. Bere jaiotzearen 250. urteurrenean izeneko liburuaren egileak, Humboldten euskal ikerlanen barri emongo deusku eta euren edukiak azalduko deuskuz modu antolatu eta sistematikoan, Prusiako hizkuntzalariaren pentsamendu antropologikoa aintzat hartuta aurkeztuta.
Iñaki Zabaleta Gorrotxategi
Iñaki Zabaleta Gorrotxategi (Donostia, 1966) Filosofiako lizentziaduna da Deustuko Unibersidadean. Batxilergoko irakasle jardun eban hiru urtetan, Alemaniara joan zan gero eta doktoretzea atera eban Koloniako Unibersidadean 1998an. Humboldten euskal hizkuntzeari eta nazinoari buruzko ikerlanak aztertu zituan doktoretza-tesian, batez be, Humboldten antropologia filosofikoaren eta hizkuntzalaritza orokorraren ikuspegitik. Gai horri loturik dagoz, besteak beste, Jakin eta RIEV aldizkarietan egindako ekarpen ugariak.
Gaur egun, Zabaleta UPV-EHUko Filosofia Saileko irakasle titularra da eta, bertan, Hezkuntzea, Filosofia eta Antropologia Fakultadeko Filosofia graduaren koordinatzailea da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!