Emakumeak nagusi Zinegoak-en palmaresean

Bizkaie! 2018-03-05 07:50   Zinemea

Pelikularik onenaren saria Ivana Mladenovic-en Soldatii, Poveste din Ferentari izan da.

Ivana Mladenovic | Ikusi handiago | Argazki originala

Zinegoak LGTBI jaialdiaren palmaresak ezaugarri nagusi bi izan dituala nabarmendu dabe antolatzaileek: Film irabazleak ikutu sozial handikoak eta emakumeek eginak dirala gehienak. Hamabi sari nagusietatik hamar, emakumeek zuzendutako filmek irabazi ditue.

Fikzinozko lanen atalean, Ivana Mladenovic-en Soldatii, Poveste din Ferentari izan da irabazlea. Epaimahaiaren eretxian, film errumaniarrak aurreretxiz betetako testuinguruan sartzen gaitu, errespetuzko begiradea galdu barik, eta ezinezkoa emoten dauen intimidadea lortuz.

'Soldatii, Poveste din Ferentari' filmeko irudi bat

Dokumentalen alorrean, ostera, Tunisiatik heldutako pelikula batek eroan dau sari nagusia. Nada Mezni Hafaiedh-ek zuzendutako Au-delà de l'ombre herrialde haretako LGTBI komunidadeak bizi dauen egoera gordinaren erakusgarri da, baina persona horreen bizi-indarraren lekuko be bada. Zinema konprometiduaren adibide bi dira fikzino eta dokumental onenen irabazleak, antolatzaileen esanetan.

Horrezaz gan, Gidoirik Onenaren Saria Clarisa Navas zuzendariaren Hoy partido a las 3 lanak jaso dau, bertako alkarrizketak era organikoan lotzen diralako, gazteen sexualidadea eta adiskidetasuna ezagutzera emonaz. Zuzendaririk onenaren saria Marcelo Caetanok irabazi dau, Corpo eletrico lanagaitik, modu zoragarrian kamerearen aurrean loturarik bako bizitzea erakusten deuskulako, kameratik kanpo jazoten dana be agertzen deuskun bitartean.

Off Narratiba Berriak sailean, irabazlea Lasse Långström zuzendariaren Vem Ska Knulla Pappa? izan da, mitoei bueltea emoten deutsleako eta uniberso anitz, sexual eta apurtzailea sortzen dauelako. Film laburren kasuan, irabazlea Diane Obomsawin-en I Like Girls izan da, animazino oso sortzailea eta indartsua sortu dauelako, diskurso pedagogiko eta kritikoaren bidez, animazinoa maisutasunez landuz.

Aniztasunaren eta Giza Eskubideen Saria Ayşe Toprak zuzendariaren Mr Gay Syria lanak jaso dau, eta lan honek dokumentalen sailean be aitamen berezia izan dau. Aktoreei jagokenez, irabazle nagusia Marcelo Caetano eta Juliana Rojasen As Boas Maneiras izan da, horko aktore bik protagonista onenaren eta aktore taldeko onenaren sariak jaso ditue eta, hain zuzen be, Isábel Zuaak eta Marjorie Estianok.

Lesbianismo eta generoaren epaimahaiak film labur biren artean banatu dau bere saria: Violette Delvoye zuzendariaren Projection sur Canapé eta Marianne Farley-ren Marguerite. Ganera, lehenengoak Gazte Epaimahaiaren saria be irabazi dau, eta Marguerite-k publikoarena.

Sari guztiak banatuta, Zinegoak jaialdiaren aurtego edizinoa amaitu da, aste biko programazino oparoa atzean itxita. Dana dala, hurrengo asteetan be egongo da LGTBI gaietako zinemagintzaz disfrutetako aukerea, Zinegoak Hedapena egitasmoaren txandea dator eta. Herririk herri proiektauko ditue aurtengo edizinoko pelikularik esanguratsuenak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu