Bildurrezko Trailer Faltsuen Lehiaketea antolatu dau FANT-ek

Bizkaie! 2018-02-27 10:26   Zinemea

Darkfest sariketara lanak aurkezteko epea apirilaren 5ean amaituko da.

Bilboko Bildurrezko eta Fantasiazko Zinemaldiak, FANT-ek, urtero antolatzen dau Trailer Faltsuen Lehiaketea. Aurtengo edizinoa, baina, eraldatuta eta indartuta dator, Dark TV telebista kateagaz hasitako alkarlanari esker. Aurrerantzean, Darkfest izango da sariketearen izena eta Darktv plataformearen bidez ikusi eta partekatuko dira aurkeztutako bideoak.

Bildurrezko film bat iragarteko trailerra aurkeztu beharko dabe parte-hartzaileek, benetakoa ez dan film batena hain zuzen. Horegaitik esaten deutsie trailer faltsuen lehiaketea. Lanak ezin dira izan minutu bi baino luzeagoak eta bildurrezko zinemearen barruan dagoan edozein generotakoak izan leitekez: Fantasy Horror, Body Horror, bildur gotikoa, bildurrezko komedia, zientzia fikzinozko bildurra eta abar.

Apirilaren 5era arteko epea dago ikus-entzunezkoak aurkezteko. Koldo Serra eta Roberto San Sebastian zinemagileek aukeratuko ditue finalistak eta irabazlea. Horreek trailerrak apirilaren 27ko saio berezian proiektauko ditue, Pre-FANT zikloaren barruan. Saio horretara doan publikoak botoa emon ahal izango dau, Ikus-entzuleen Saria norentzat izango dan erabagiteko.

Lehiaketa hau film laburren munduan lehenengo pausoak egiten dabizan egile gazteei bultzadea emoteko modua dala dino Bilboko Udalak. Ganera, Dark TV kateagaz egindako akordioari esker, Trailer Faltsuen Lehiaketea sendotu egingo dala uste dabe FANT-eko arduradunek, bildurrezko generoan nazinoarteko erreferentzia dalako komunikabide hori.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu