Euskal zinemagintzea sustatzeko laguntzinoak eskatu ditue Berlinen

Bizkaie! 2018-02-19 13:26   Zinemea

Berlinalen aurkeztutako euskal proiektuak ezagutu ahal izan ditu Bingen Zupiria sailburuak.

Berlinale-ren barruan atontzen dan European Film Market-en egon da Bingen Zupiria. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak bertatik bertara ezagutu ahal izan ditu euskal zinemagintzeak hara eroandako proiektuak. Horregaz batera, Lucía Recalde Europar Batzordeko Ikus-Entzunezko Industrietarako arduradunagaz be batzartu da. Zupiriak euskeraz eta Europako beste hizkuntza gitxituetan produziduten diran zinemagintzarako babes nabarmenagoa eskatu dau bilera honetan, bai eta Media programearen bitartez Donostiako Zinemaldia laguntzeko be. 

European Film Market-en moduko erreferentziazko hitzordu honetan, Zupiriak azpimarratu nahi izan dau Europak ahalegin handiagoa egin behar dauela euskeraz eta Europako beste hizkuntza gitxituetan produziduten dan zinemagintzea laguntzeko. Izan be, Europatik datozen diru-laguntzinoen ikuspegitik, euskeraz egindako zinemea Espainiakotzat hartzen da, ñabardura barik, eta horrek kaltetu egiten dau, Espainiako zinemearen industriaren neurria eta honek Europan dauen indarra kontuan hartuta, euskerazko zinemea kaltetuta urteten da alderatzen badogu Estadu bat atzean daben beste herrialde batzuetako hizkuntzetan egiten danagaz.

Aitziber Atorrasagasti Kultura Sustatzeko zuzendariagaz batera, Zupiriak Basque Audiovisual markeak merkadu garrantzitsu honetan dauen gunea bisitau dau eta euskal ikus-entzunezkoaren ordezkariakaz batu da.

Zineuskadik eta Etxepare Euskal Institutuak Eiken Klusterragaz daben lankidetzeari esker Basque Audiovisual markeak gune bat izan dau azoka honetan, ICEXen standaren barruan. Basque Audiovisualek 29 proiektuko katalogo bat aurkeztu dau Berlinen (hamalau garapen-prozesuan dagoz, zortzi produkzino-fasean eta zazpi amaituta edota estreinauta 2017an), eta hainbat euskal ordezkari hurreratu dira hara.

Bestalde, Euskal Herriko Film Commission erakundea lehen aldiz merkaduan ordezkatuta izan da, Film Basque Country markeari esker. Partaidetza hori izan da plataformearen aurkezpen ofiziala eta filmatze-lanak Euskal Herrira erakarteko sustapen-bide barriak topetako aukera bikaina izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu