Ramiro Pinilla Nobela Laburren Lehiaketea sortu dabe

Bizkaie! 2018-02-06 08:05   Kulturea

Sorkuntzea bultzatzea eta idazle getxoztarraren memoria gordetea dira helburuak.

Getxoko Kultur Etxeak sariketa literario barria sortu dau: Ramiro Pinilla Nobela Laburren Lehiaketea. Literatura zaleen eta idazlearen hurreko personak batzen dituan Pinillesca kolektiboaren bultzadeari esker erabagi dabe ekimen barria martxan ipintea. Alkarte horren eta Udalaren arteko lankidetzan beste pausu bat da hau.

Euskerazko eta gaztelaniazko modalidadeak daukaz lehiaketeak, kategoria bakotxean 6.000 euro emongo deutsiez irabazleari, lana argitaratzeko laguntzinoagaz batera. Nobela laburren sariketea danez, 75 eta 110 orrialde bitarteko testuak onartuko ditue. Parte-hartzaile bakotxak testu bakarra aurkeztu ahal izango dau.

Apirilaren 23an, Liburuaren Nazinoarteko Egunean, amaituko da lanak bialtzeko epea. Ondoren, epaimahai baten esku egongo da irabazleak aukeratzea eta irailaren 13an banatuko dira sariak, Ramiro Pinillaren jaiotzearen urteurrenean. Oinarriak, hemen.

Sariketa honen bidez, sorkuntza literarioa bultzatu nahi dabe antolatzaileek, ez bakarrik helduen artean, gazteen artean be bai. Horregaitik, Kultur Etxeak eta Pinillescak laster martxan ipiniko dabe ume eta gazteentzako Txiki Baskardo Idazlan Lehiaketea. Ramiro Pinillaren pertsonaia baten omenezkoa da sariketa horren izena.

Era berean, Ramiro Pinillari omenaldia egitea eta haren memoriari eustea be bada lehiaketa barriaren helburua. Gogoan izan behar da Ramiro Pinilla getxoztarra (1923-2014) gaztelaniazko idazle bizkaitarrik nabarmenenetako bat izan dala azken hamarkadetan. Sari entzutetsuak irabazi zituan: Nadal, Euskadi Saria (birritan) eta Narratibearen Sari Nazionala, besteak beste.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu