'Harpetarra' animazinozko pelikulea gaur helduko da zinema-aretoetara
2018-02-02 10:15 ZinemeaEuskerazko bersinoan ikusteko aukerea egongo da.
Zineuskadik bultzatutako Zinemea Euskeraz programeari esker, Harpetarra (Erresuma Batua) filma euskerazko bersinoan helduko da gaur Hego Euskal Herriko zinema-aretoetara. Umeentzako pelikula honen zuzendari Nick Park-ek lau Oscar sari irabazi ditu Wallace & Gromit filmagaitik eta orain harpetar talde baten istorioa dakar, honeek futbolean jokatuko dabe euren lurra berreskuratzeko asmoz.
Harpetarra filmak Harri Aroko gizon baten, Dug-en, istorioa dakar. Dugek Brontze Aroko zibilizazinoaren kontra burrukan egingo dau bere etxea babesteko. Park-ek berak kontau dauenez, Dug mutil ausarta eta oso inozoa da, uste dau dana aldatu daitekeela. Maskotatzat dauen txarri basatiagaz, Hognob-egaz, batera bizi da eta ha izango da bere lagun leiala istorio osoan. Biak komunidade primitiboan bizi dira, eta zoritxarreko egun baten, zibilizazino ezezagun baten erasoa jasoko dabe; bailarea hartuko dabe lurraldean dagoan brontze baliotsua eskuratu nahian. Dugek ikusiko dau Brontze Aroko zibilizazinoak joko sagratu bat dauela: futbola, eta bailarea berreskuratzeko Lord Nooth-egaz apustu egitea erabagiko dau. Harpetarrek ez dakie zer dan futbola, hortaz, Val-egana joko dabe. Val Brontze Aroko neska gazte bat da, eta hareekaz sekretuan jokatu eta jokoa erakutsiko deutse, emakumeek ezin dabelako kirol sagratuan jokatu.
Zinemea Euskeraz programeak euskerearen erabilerea sustatzen dau kultura-komunikazinorako bitarteko moduan. Horretarako, aisialdian euskerearen normalizazinoa sustatzen daben filmen eskaintzea jarten dau herritarren eskura.
Euskal Herriko honako zinemetan ikusi ahal izango da Harpetarra: Niessen (Errenteria), Zugaza (Durango), Getxo Zinemak (Getxo), Multicines (Bilbo), Golem La Morea (Iruñea), Golem Alhóndiga (Bilbo), Príncipe (Donostia), Coliseo (Eibar) eta Florida Guridi (Gasteiz).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!