Émilie Jouvet zinemagilea aurtengo Zinegoak-eko Ohorezko Saria
2018-01-30 12:36 ZinemeaZezeilaren 19an jasoko dau saria Arriaga Antzokian.
Zinegoak jaialdiak edizino honetako Ohorezko Saria zeinentzat izango dan jakinarazo dau gaur: Émilie Jouvet zinemagile frantsesak Joao Pedro Rodrigues igazko saridunaren lekukoa hartuko dau aurten.
Zinegoak-eko zuzendari Pau Guillenek azaldu dauen moduan, Jouvetek, bere lanaren bitartez, emakumeen gorputzea eta euren intimidadea burrukarako tresna bihurtu ditu. Zinema zuzendari honen aukeraketeak, beraz, edizino honetako kartelaren bideari eusten deutso, hau da, gorputz ez normatiboak aldarrikatuz: desbardin izatearen naturaltasuna aldarrikatu nahi dogu, ezelako hesirik bako jendartea bultzatzen daben sortzaileak ezagutzera emon nahi doguz.
Jouvet-ek Pariseko Arte Eder Eskola Nazionalean egin zituan ikasketak, eta argazkilari eta zuzendari modura egin dau lan, baina produktore lanetan be ibili da, militantzia eta beharrizanagaitik. Bere lanetan sexu askatasuna eta aniztasuna aldarrikatzen ditu modu zabalean, eta bere lan gehienak berak produzidu behar izan ditu.
2006. urtean, haren lehenengo lana, One Night Stand zuzendu eban eta nazinoartean hainbat sari irabazi zituan. 2009. urtean, zazpi performerrakaz batera tour bat atondu eban Europatik, sexu esplizitua eban, Moulin Rouge moduko bat. Zuzendariak kamarea hartu eta hainbat momentu filmau zituan: tour horren egunerokotasuna, sexualidadearen ganeko hausnarketak, feminismoa, queer teoriak eta abar. Bidaia horretan, Too much Pussy! bere bigarren lana jaio zan, eta zinema komertzialetan leku bat egitea lortu eban, lan horrek sexu esplizitua eban arren, zinema militantearen erreferente bihurtu da, sexua erreminta politiko moduan erabilten dauelako.
2006. urtean, BIM - Biennale de l’Image en Mouvementerako aukeratu eben, Ginebrako Arte Garaikidearen Museoan. Bertan, Aria pelikulea aurkeztu eban: Frantzian emakume lesbianek laguntzino bidezko ugalketea egiteko dituen trabak azaltzeko lana. Horrezaz gan, queer amatasun eta aitatasunen ganeko hausnarketea bultzatu, eta herrialde horretako testuinguru homofoboa azaltzen dau.
Urtebete geroago bere bosgarren lana aurkeztu eban, sexualidade politikoaren inguruan, kasu honetan: My body my rules. Pelikula honetan, Jouveten interesa gorputz desbardinen ganekoa da, edertasunaren aginduetatik urrun geratzen diran emakumeen gorputzak. Gorputzen aniztasuna aldarrikatzen dauen ereserki feministea da.
Jouveten lana ezagutzeko interesa dabenek Zinegoaken izango dabe aukerea; haren azken lan biak, My body my rules eta Too much pussy jaialdiaren programazio ofizialaren barruan proiektauko ditue, zezeilaren 19tik martiaren 4ra arte.
Aria barriz, 3, 2, 1... Zinegoak, aurre-jaialdian ikusi ahal izango da zezeilaren 18an, 19:00etan BBK Aretoan. Zinemagile frantsesa bertan egongo da, eta, bere lanaz berba egiteko aukerea egongo da.
Bestalde, Jouvetek Ohorezko Saria Zinegoakeko Inaugurazino Ekitaldian jasoko dau, zezeilaren 19an, 20:00etan Arriaga Antzokian.
Azkenik, Jouvetek masterclass bat eskainiko dau BilbaoArten, zezeilaren 20an.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!