Euskal zinemagintzearen harribitxiak Bartzelonan

Bizkaie! 2018-01-30 08:18   Zinemea

Zinemaldia.cat jaialdia egingo dabe zezeilaren 8tik 18ra.

Urtero legez, Bartzelonako Euskal Etxeak Kataluniara eroango dau euskal zinemeak azkenaldion emondako onena, Zinemaldia.cat jaialdiaren 13. edizinoan. Sail ofizialean, bederatzi film ikusi ahal izango dira, tartean Handia eta Errementari, eta euskal kulturea katalanei erakusteko jarduera osogarri ugari be egongo dira.

Jaialdia bera, zezeilaren 8tik 18ra egingo dabe, Bartzelonako Girona zinema-aretoetan. Aurkeztuko diran pelikula gehienak estreinaldiak dira Katalunian. Errementari-ren aurrestreinaldia be izango da, areto komertzialetara eta beste jaialdi batzuetara heldu aurretik. Goya sarietarako 13 izendapen dituan Handia da sail ofizialekoen artean ezagunena. Era berean, 2 txirula eta Non be ikusi ahal izango dira.

Fikzinoaz gan, baina, dokumentalek be parte hartuko dabe sail ofizialean; antolatzaileek Converso eta Volar nabarmendu ditue, gaur-gaurko gaiak jorratzen dituelako, baina beste hiru film be egongo dira: Elkarrekin Together, Utzi joaten eta Sitio distinto.

Epaimahaian honeek egongo dira: Bruna Cusí, Lluís Marquès, Blai Morell, Barbara Destefanis eta Joan Gonzalez. Hiru sari nagusi emongo ditue, hau da, fikzinozko lan onenari eta dokumental onenari Urrezko Txapela bana eta Azkue Fundazinoaren saria euskerazko film onenari.

Publiko katalanak bertatik bertara ezagutu ahal izango ditu euskal zinemagintzearen gorabeherak, filmak emoteaz gan, zuzendari eta protagonistak saioetara gpnbidauko ditue eta, berbarako, Paul Urkijo Errementari-ren zuzendaria. Horrezaz gan, Davide Cabaleiro Sitio distinto-rena, Bertha Gaztelumendi Volar-ena eta Handia-ko aktore Eneko Sagardoy Bartzelonan izango dira.

Alterzinemaldia izenburupean, sail ofizialetik kanpo geratzen diran jarduerak batu ditue antolatzaileek, holan, zezeilaren 2an, zinema-ibilbidea egingo dabe Bartzelonako kaleetan. Hil horren 15ean, ostera, zinemeagaz lotutako sukaldaritzearen inguruko tailerra eratu dabe, Maite Perez Artolaren eskutik.

Aurrerago, martian Alterzinemaldiko ekintza gehiago antolatuko dituela agindu dabe Bartzelonako Euskal Etxekoek.

Kalidadezko zinemea prezio herrikoietan emotea da antolatzaileen asmoa; topikoak apurtzeko jaio zan eta dagoeneko 13 edizino bete ditu Euskal Etxearen apustu honek, osasun onean. Izan be, Catalunya Film Festivals zirkuituaren barruan dago Zinemaldia.cat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu