'Zinemea Euskeraz' programearen ganeko hitzarmena eguneratu dabe

Bizkaie! 2018-01-29 09:23   Zinemea

Euskerazko filmak gazteenei hurreratzeko akordioa da batez be.

Bingen Zupiria eta Maite Iturbe | Ikusi handiago | Argazki originala

Zinemea Euskeraz programeari 2018an jarraipena emongo deutson akordioa sinatu dabe Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Maite Iturbe EiTB-ko zuzendariak. Harpetarra pelikulearen aurrestreinaldian aurkeztu dabe hitzarmenaren eguneraketea, Bilboko Golem Alondiga zinemetan. 2016ko bagiletik 2017ko irailera Zinemea Euskeraz programeak 60.000 ikus-entzule izan zituan, eta 2017an hamabi film estreinau dira lankidetza honi esker.

Ekitaldian programa horrek kalidadezko euskerazko filmak gazteenei hurreratzeko dauen garrantzia azpimarratu dabe. Ume eta gazteen artean interes handiena biztuten daben hainbat estreinaldi euskeraz dira gaur egun, eta egoera horretara ohitu gara. Familiek oso natural bizi dabe animazinozko zinemearen eta gure hizkuntzearen arteko lotura hori. Halandabe, ez da beti holan izan, Zinemea Euskeraz programeari esker etorri da hori, eta horregaitik aurrera segiduko dogu, adierazo dau Zupiriak.

EiTB-ren ardatzakaz proiektuak dauen koherentzia be nabarmendu nahi izan dabe ekitaldian, izan be, zinemea, euskerea eta umeak EiTB-ren hiru ardatz garrantzitsu dira, eta itunak horreek batzen dituala azpimarratu dau Iturbek Harpetarra pelikulearen aurrestreinaldian. Nick Park Oscar saridunak zuzendu dau filma, Aardman animazino-estudioagaz alkarlanean.

Bestalde, EiTB-gaz sinatutako akordioari esker, umeei zuzendutako HIRU3-ko bazkideek hainbat abantaila izango ditue 2018. urtean zehar (sarrerak, merchandisinga eta abar) Zinemea Euskeraz programearen eskutik atonduko diran estreinaldietan parte hartu ahal izateko. Txikientzat estreinaldi bereziak be jarriko dira abian, tartean Zinegabonak ekimena, baita beste zenbait jarduera barritzaile be.

Zinemea Euskeraz programea Zineuskadi ikus-entzunezko sektoreko plataforma publikoaren bitartez kudeatzen da eta 2012an abiarazo eben zinema-areto komertzial eta alternatiboetara euskeraz bikoxtutako film sorta zabala eroateko asmoz. Programa horren bidez, nazinoarteko dozena bat estreinaldi sustatzen dira urtero-urtero, gehienak animazinozkoak, eta horreen bitartez euskerazko zinemea milaka uritarrei hurreratzen deutsie. Eusko Jaurlaritzeak 335.000 euro inbertiduko ditu aurten programa horretan; horrez gan, Filmazpit azpi-programea laguntzen dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu