Euskal dokumentalak nazinoartera zabaltzeko bultzadea emongo dabe

Bizkaie! 2018-01-23 11:45   Zinemea

Aholkularitza saioak egingo ditue martian, Tabakaleran.

'Neskatoak' dokumentala | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal enpresek garatutako zortzi proiektuk parte hartuko dabe hurrengo martian Tabakalera zentroan egingo diran aholkularitza jardunaldietan.

Igaz Etxepare Institutuak eta Ibaiak alkarlanean atondutako lehen edizinoak izan eban erantzun onaren ostean, Europa Creativa Desk MEDIA Euskadi-Zineuskadi bulegoak bat egin dau Tabakaleran martian, barriro be egingo dan proiektuagaz, nazinoarteko merkadu eta foroetan euskal proiektuen presentzia bultzatzeko asmoagaz, dauen esperientzia eta Europako inguruneaz dauen ikuspegia ekarriz.

Proiektuak hasierako garapen-fasean indartzeko helburuagaz, banan banako aholkularitza-saioak egingo dira Catherine Ulmer-en zuzendaritzapean, baita parte hartzen daben proiektuak bateratzeko saio bat be. Ganera, Sunny Side of the Doc dokumentalen azokako ordezkari baten eta Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzinoko Foroko beste baten presentzia izatea espero dabe, euren funtzionamenduaren giltzarrien barri emoteko eta enpresek ekitaldi horreetan parte hartzeko bidea errazteko.
 
Proiektuak aurkezteko deialdia laster egingo da, eta, horretan, jardunaldiak egiteko datak eta egitasmoak eta beharrezko dokumentazinoa aurkezteko epea zehaztuko dira.
 
Informazino gehiago 943 32 71 83 telefonora deituta edo info@ibaia.org helbide elektronikoaren bitartez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu