Santurtziko liburutegiak EAEko Irakurketa Publikoko Sarean sartu dira
2018-01-22 12:17 KultureaEgitasmoak zerbitzu integrala eskaintzea dau helburu.
Santurtziko sei udal liburutegiak EAEko Irakurketa Publikoko Sarean sartu dira gaur eta, holan, orain dala hamahiru urte Eusko Jaurlaritzeak abiatu eban prozesua gauzatu da.
Ahaleginak batzea izan da ekimenaren helburua, asmoak konpartidu eta baliabideak biderkatzea irakurketearen eremuan zerbitzu publiko integratua eskaintzeko. Honegaz lortu da eraikin, herri eta kudeaketa-organo desbardinetan banatutako liburutegi zerbitzuen eskaintzea aldatzea, herritarrek zerbitzu bakar baten moduan ikusiko dabena, kohesionatua, hau da, liburutegi bakar bat egongo balitz moduan.
Bilbo eta Donostia sarearen parte izatera pasau ostean, Santurtzi zan geratzen zan udalerri bakarra sistema informatikoa eta datu-baseak bateragarri egiteko. Orain, Bizkaiko herri horretako sei udal liburutegiak (26.900 bazkide) behin betiko sartzean, EAEko Irakurketa Publikoko Sarea holan geratu da: 205 liburutegi eta 304 egoitza dagoz (udalerri batek udal liburutegi bat dau, baina egoitza gehiago izan leikez). Sare honetako liburutegi gehienak udalenak dira, baina bestelakoak be badagoz (Eusko Jaurlaritzea, Artxibo Historikoa, HABE, Lazkaoko Beneditarren Artxiboa, Zarauzko Photomuseuma…).
EAEko Irakurketa Publikoko Sareak sei miloe ale ditu funtsetan, 1.100.000 titulu desbardin eta 980.000 bazkide inguru. Sare honetan parte hartzeak hainbat abantaila dakarz erabiltzaileentzat:
- Sareko erabiltzaileek txartel bakarra eta dobakoa dabe eta, horren bidez, liburutegietan dagozan funtsetara sartu leitekez (titulu bat ez badago liburutegi baten, beste baten eskatu leikie).
- Katalogo kolektibo bakar bat dago, liburutegi guztietako funts edo bilduma guztien ganeko informazinoa batzen dauena.
- Erabiltzaileek eLiburutegia erabilteko aukerea dabe, Estaduko liburutegi digitalik handiena, 14.200 titulu baino gehiagogaz.
Modu berean, sarean parte-hartzeak hainbat abantaila dakartzez parte hartzen daben udalerriei. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak liburutegi horreeri aukerea emoten deutse hiru diru-laguntzino ildotara joteko: funtsak erosteko, teknologia barrietarako eta irakurketea sustatzeko jarduerak bultzatzeko. Sarean dagozan liburutegi guztietako langileek parte hartzeko prestakuntza-programak sustatzen ditu eta, ganera, laguntzino teknikoa eta mantentze-lanak Jaurlaritzearen esku geratzen dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!