Programazino 'osotuagoa' dakar Bizkaiko Foru Liburutegiak
2018-01-22 11:48 KultureaTailerrak, berbaldiak, lehiaketak, erakusketak, irakurle taldeak eta abar dagoz 2018ko egitarauan.
Hamar urteko ibilbidea egin dau Bizkaiko Foru Liburutegiak. Hamarkada horretan, 42.000 lagun inguruk parte hartu dabe han antolatutako jardueretan, urterik urtera gero eta erabiltzaile gehiago ditu. Jokera horri eusteko asmoz, programazino oparoa atondu eta 2018an, hainbat idazle eta sortzaile konbidau ditue. Mikel Zabala liburutegiko ordezkariak adierazo dauenez, aurreko urteetan baino osotuagoa da aurtengo programea.
Lau erakusketa ikusi ahal izango dira 2018an Foru Liburutegian: Jesus Mari Arruabarrenaren Muga izango da lehenengoa, martiaren 15ean hasita. Ondoren, antxinako zientzia-liburuak batzen dituan Videre discere izenekoa jarriko dabe. Gero, edizino esperimentalei eskainitako erakusketea helduko da eta, azkenik, euskal mitologiaren ingurukoa ipiniko dabe Gabon bueltan, aurreko urteetan legez.
Irakurle taldeei jagokenez, euskerazko bi eta eta gaztelaniazko bi egongo dira martxan. Lehenengoak Julen Gabiriak eta Txani Rodriguezek gidatuko ditue eta bigarrenak, Aixa de la Cruzek eta Iván Repilak. Era berean, tailerrak, berbaldiak eta abar antolatuko ditue urtean zehar, besteak beste, Ana Malagón, Arantxa Urretabizkaia, Anjel Lertxundi, Toti Martinez de Lezea, Aitziber Etxeberria eta Asier Serrano egongo dira konbidauen artean.
Lehiaketei be eutsiko deutsie, Bizkaidatz sariketeak 10. edizinoa beteko dau eta. Bernardo Atxaga (euskeraz) eta Itziar Mínguez (gaztelaniaz) arduratuko dira istorioen hasierak idazteaz, publikoak amaierea asmau daian. Bizkaidatz Txikiaren 5. edizinoan, ostera, Nerea Arrien eta Álvaro Yarritu izango dira ipuinen hasierea idazteko arduradunak.
Mikel Zabalak azaldu dauenez, pozik dagoz jenteak Foru Liburutegiaren proposamenei emoten deutsen erantzunagaz. 2018ko programatik dagoeneko jarduera batzuetan plaza guztiak bete dira, eta kopurua handitu behar izan dabe. Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura diputaduak ganeratu dauenez, ugaritasuna, ekintza kopuruan eta muetetan eskaintzen dau liburutegiak, asmoa publiko guztiei zeozer interesgarria emotea dalako.
Gure helburua da, irakurteko ohiturea ze inportantea dan zabaltzea, dino Bilbaok. Foru Liburutegia bizirik dagoan espazioa da, eta irakurmena sustatzea da funtsezkoena. Betiko legez, 2018ko jarduera guzti-guztiak dobakoak dirala gogoratu dau Kultura diputaduak, eta herritar guztiei parte hartzeko deia egin deutse.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!