Marta Zelaiaren erakusketea da Barriek 2018ko lehenengoa
2018-01-17 11:41 KultureaUrtea amaitu arte, sei artista bizkaitarren lanak egongo dira ikusgai Bilboko Rekalde Aretoan.
Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatzen dauen Barriek programearen azken deialdian parte hartu daben artisten obrak ikusgai egongo dira, aurreko urteetan legez, Bilboko Rekalde Aretoan. Txandaka, sei sortzaileren lanak erakutsiko ditue, abendura bitartean: Marta Zelaia, Raisa Alava, Jon Ander Garcia, Saray Perez, Iratxe Yañez eta Ander Sagastiberri.
2018ko zikloari ekiteko, Marta Zelaiaren erakusketea zabaldu dabe, sei artista aukeratuak, Rekalde Aretoko arduradunak eta Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura diputadua bertan dirala. Barriek programearen helburua da gizarteari erakustea gure artista gazteen lana, eta aurrera egin daien sakadea emotea, adierazo dau Bilbaok.
Marta Zelaiaren erakusketeak badauka ezaugarri berezi bat, orain arte Barriek zikloaren barruan egin diranetatik urruntzen dauena: Zelaia ez da artista hasibarria, ez dau Barriek bekarik euki 2017an, aspaldi hasi zan artearen munduan. 1986an eta 1987an izan zan Barriek egitasmoko parte eta antolatzaileek atzera begiratu nahi izan dabe, haren lanaren garapenaren barri emoteko; Aukerea emon nahi izan deutsagu Rekalde Aretora etorri eta bere lana zelan aldatu dan erakusteko, azaldu dau Lorea Bilbaok.
Marta Zelaiak esan dauenez, sarritan erakutsi ditu bere obrak Rekalde Aretoan, esaterako, Ertibil erakusketa kolektiboan parte hartu ebanean. Orain dala 30 urte Bizkaiko Foru Aldundiak emondako laguntzinoa eskertu dau, artearen munduan segiduteko adorea horrek ekarri eutsolako: Ikasketak amaitu barri, urtebetez artean bakarrik lan egiteko modua izan neban, nire ibilbidea sendotu eban. Hurrengo hile bietan, barriro egongo da bere obra bat Rekalde Aretoan.
Persona batzuk sokatiran agiri dira Zelaiak erakusketara eroan dauen tapiz itxurako artelanean. Obra hori sortzeko prozesua berezia izan da artistearentzat, ikuspegi humanotik batez be: Edadean aurrera noa eta jagole izatera pasau naz, senideak jagon behar dodaz, azaldu dau Zelaiak, obra hau jagoten dodazanakaz konpartidu nahi izan dot, eurakaz batera egin dot, honen parte izan daitezan.
Ganera, Zelaiaren bikotekideak, pintorea dan ezkero, koadro baten jaso dau Zelaia Sokatira sortzen egoaneko prozesua. Koadro hori be Rekalde Aretoan dago. Kabinete Abstraktuan ikusi ahal izango dira obra biak, doban, martiaren 17ra bitartean.
Hile birik behin aldatuko ditue Kabinete Abstraktuko erakusketak, Barriek programako sei artisten lanari txandaka lekua egiteko. Rekalde Aretoa sortzaileen topaleku izatea da helburu, Lorea Bilbaoren esanetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!