Txapelketa trazea izango dau aurten Arabako Kuadrillartekoak

Bizkaie! 2018-01-15 08:02   Bertsolaritzea

Urtarrilaren 19an hasita, 320 lagunek parte hartuko dabe.

Gasteizen egindako aurkezpena (argazkia: Arabako Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

2010ean hasita, urte birik behin antolatzen dabe Kuadrilla arteko Bertsolari Txapelketea, Arabako bertsolaritzearen sarea indartzeko asmoz. Taldekako lehiaketa honek modalidade bi izango ditu, bat-batekoa eta idatzizkoa. Lehenengo modalidadea barriro izango da txapelketa formatukoa, Gasteizen asteburuan Arabako Bertsozale Alkarteak egindako aurkezpenean zehaztu dabenez.

Urtarrilaren 19an hasiko dira saioak, eta martiaren 17an jokatuko da finala, Gasteizen. Tartean, hamalau kanporaketa eta hiru finalaurreko jokatuko dira. Saioak era herrikoian antolatuko ditue, Bertsozale Alkartearen eta lekuan lekuko bertso eskolen artean.

Bat-batekoan 14 taldek emon dabe izena. Talde bakotxean, hiru eta sei bertsolari bitartean dagoz, epaile, gai-jartzaile, antolatzaile, argazkilari, sukaldari eta bestelakoakaz batera. Beraz, talde batzuetan dozena bat kide be badagoz. Honeek eskualdeak ordezkatuko ditue: Aiaraldea, Mendialdea, Arabako Errioxa, Lautada (talde bi), Gorbeialdea (lau talde) eta Gasteiz (bost talde).

Idatzizko modalidadea, ostera, lehia bakoa izango da; hor 17 taldek emon dabe izena, herri eragile eta bestelako taldeen ordezkari: Gazte asanbladeak, Berbalagun taldeak, kuadrillak eta abar. Bertsoak idatzi eta jentearen aurrean zein jenteagaz batera kantauko ditue saioetan. Bat-bateko lehiaketako saioak eta idatzizko modalidadekoak batera egingo dira.

Araban bertsolaritzea hartzen dagoan indarraren erakusgarri izango da Kuadrilla artekoa. Antolatzaileen arabera, 320 lagun inguruk parte hartuko dabe edizino honetan, bertsolariak, laguntzaileak, epaileak eta abar kontuan hartuta.

 

Egutegia

- Kanporaketak (hamalau saio):

Urtarrilaren 19, 20 eta 21ean: Gasteiz (hiru saio), Aramaio, Ataur.i

Urtarrilaren 26, 27 eta 28an: Oion, Agurain, Aramaio.

Zezeilaren 2, 3 eta 4an: Laudio, Legutio, Gasteiz, Izarra, Errekaleor, Zalduondo.

 

- Finalaurrekoak (hiru saio):

Zezeilaren 17an: Araiako Gaztetxean.

Zezeilaren 24an, Amurrioko Gaztetxean.

Martiaren 3an, Aramaioko Sastiñan.

 

- Finala:

Martiaren 17an, Gasteizko Landatxo kiroldegian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu