'Oihaneko kuadrilla' euskeraz, gaurtik zinema-aretoetan

Bizkaie! 2018-01-12 08:37   Zinemea

Marrazki bizidunetako film horrek animalia batzuen abenturak dakarz.

Zineuskadi erakundeak bultzatzen dauen Zinema Euskaraz programearen bidez, 2017an dozena bat pelikula euskerara bikoiztu eta aretoetan estreinau ziran. 2018an be egitasmoari eustea da asmoa eta lehenengo filma gaur bertan, barikua, helduko da pantaila handira: The jungle bunch. Oihaneko kuadrilla animazinozko lana hamaika aretotan estreinauko dabe, ume eta familien gozamenerako.

Marrazki bizidunetan eta 3Dn egindako The Jungle Bunch to the rescue. Les As de la jungle telesail frantziarraren zinemarako egokitzapena da gaur estreinauko dabena. David Alaux da zuzendaria. Bertan, oihaneko animalia batzuen gorabaherak dakarskuez, modu dibertigarrian.

Maurice tigre poteretsua dala uste duen pinguinoa da. Alboan izango ditu Junior semea, tigre-arraina, Miguel, gorila indartsu eta maitagarria, eta Batricia, iluntasunari ikarea deutsan saguzarra. Oihaneko bidebakokeriei aurre egingo deutsie danen artean.

Film ezagunei erreferentzia barregarriak egiten deutsez Oihaneko kuadrilla-k (Indiana Jones, Mission: Impossible, Rocky...). Alkartasuna, adiskidetasuna eta taldearen indarra, besteak beste, nabarmentzen dira istorioan. Hartara, familiartean ikusteko film aproposa da.

Oihaneko kuadrilla Hego Euskal Herriko 12 zinema-aretotan estreinauko dabe gaur, euskeraz: Bilboko hirutan (Alondigan, Zubiarten eta Multicines aretoetan), Barakaldoko Max Ocion, Getxo Zinemak aretoetan, Leioako Artean, Portugaleteko Ballontin, Laudioko Kultur Etxean, Iruñeko La Morean, Donostiako Antiguo Berrin eta Gasteizko Gorbeian.

Zinema Euskaraz programearen helburua kalidade zinematografikodun filmak herritarren esku euskeraz jartea dala dino Zineuskadik. Era horretara, euskerea komunikazino kulturalerako tresna bihurtzen da, eta astialdian hizkuntzearen normalizazinoa bultzatzen da. 2017an, programeak 12 film bikoizten eta sustatzen lagundu eban; horreetako asko dagoeneko estreinauta dagoz, baina hurrengo hileotan beste lan bi izango dira ikusgai aretoetan: Early Man eta Maya Erlea, Eztiaren Jolasak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu