Europako eta Latinoamerikako zinemea sustatu dabe 33 aretotan

Bizkaie! 2018-01-11 08:12   Zinemea

Zineuskadi-k 160.000 euroko inbersinoa egin dau.

'Toni Erdmann' film alemaniarreko fotograma bat | Ikusi handiago | Argazki originala

Eusko Jaurlaritzearen ekimenezko Zineuskadi erakundeak diru-laguntzinoen egitasmo berezia ipini dau martxan, Europako eta Latinoamerikako zinemagintzea bertoko publikoari hurreratzeko. Euskal Autonomia Erkidegoko aretoek aukerea izan dabe laguntzinoak eskuratzeko, Europa eta Latinoamerikako pelikulen kopuru jakin bat eskaintzearen truke. Era horretara, 33 areto babestu ditu Zineuskadik. Eskaria egin dauen beste bat laguntzino barik geratu da, deialdiko baldintzak ez ditualako beteten izan.

Zinema-areto bakotxaren ezaugarrien arabera, deialdi bi egon dira: Lehenengoa, gehienez hiru pantaila daukiezanei zuzendutakoa izan da, programazinoaren % 35 gitxienez Europako eta Latinoamerikako filmakaz bete ezkero, laguntzinoa emon deutsie. Hiru pantaila baino gehiagoko aretoen kasuan, programazinoaren erdia hartu behar izan dabe, gitxienez, eremu horretako filmek.

Deialdian parte hartu daben areto gehienak formatu txikikoak izan dira, hain zuzen be, gehienez hiru pantaila daukiezenen atalean sartu dira 29, eta beste atalean lau baino ez. Inbersinoari jagokonez, Zineuskadi-k 160.000 euro erabili ditu.

Deialdi honen bidez, Europako eta Latinoamerikako zinemagintzeari lekua egin nahi deutso Zineuskadi-k. Modu horretan, Hollywooden indarrak baldintzatutako eskaintzan bestelako proposamenak sartzea erraztu nahi izan dau eta, bide batez, publikoari aukera zabalagoa emon. Urtean zehar, antzeko beste neurri batzuk be martxan izaten ditu erakunde horrek, esate baterako, euskerara bikoiztutako filmak eskaintzeko programea, Zinema Euskaraz izenekoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu