Ane Pikazak diseinau dau 15. Zinegoak jaialdiko kartela

Bizkaie! 2018-01-09 12:00   Zinemea

Maitasun lesbikoa eta estereotipo bako gorputzak aldarrikatzen ditu.

Jaialdiaren antolatzaileak, kartela erakusten (argazkia: Zinegoak) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Gaylesbitrans Zinema eta Arte Eszenikoen Nazioarteko Jaialdiak, Zinegoak-ek, aurtengo kartela aurkeztu dau, ohiko moduan sexu askatasunaren aldeko aldarri dan kartela, hain zuzen. Ane Pikaza aktore eta artistea da egilea, eta bertan, emakume ugerlari bi agiri dira alkarri mosua emoten, uraren azpian.

Marrazki samurra da, eztia eta naif samarra, baina mezu sakona dakarrena, Zinegoak-eko arduradunen esanetan. Aurtengo jaialdiak emakumeen arteko maitasunari eta gorputzen aniztasunari ikusgarritasuna emongo deutso.

Zinegoak-eko zuzendari Pau Guillenek azaldu dauenez, gorputzen estereotipoen inposaketea jorratu gura da kartelagaz. Irudi horren bidez, persona guztiek euren gorputzaz harro egoteko eskubidea aldarrikatzen dabe: Genero adierazpen eta nortasunetik harago, desioa be askotarikoa izan leitekeela nabarmendu nahi izan dogu.

Kartelaren egilea Ane Pikaza ilustratzaile eta aktore bilbotarra da. Pikaza Arte Ederretan lizentziaduna eta Arte Eszenikoetan diplomaduna da EHUn, eta hainbat antzerki taldetan (Kabia, Xake, Hika...), telebistan eta zineman ibili da. Ilustratzaile lanetan, antzerki talde batzuen kartelak egin ditu (Marie de Jongh-enak, adibidez), eta Kabia taldearen Alicia después de Alicia antzerki-komikiaren eszenak sortu ditu. Vetusta Morla taldeagaz be lan egin dau, Los rios de Alice bideojokoaren irudiak sortzen.

Kartelaren idea Zinegoak-en aurreko edizino baten ikusitako dokumental baten oinarritzen da. Aquaporko! film laburrak emakume ugerlarien talde baten istorioa dakar. Harrotasunez euren gorputzen aniztasuna aldarrikatzen dabe taldekideek.

Horrezaz gan, kartel honek 2015eko edizinokoagaz bat egiten dau; urte haretan, Gorka Olmok egindako ilustrazinoa izan zan kartelaren protagonista nagusia.

Azken buruan, Zinegoak zezeilaren 19tik martiaren 4ra bitartean egingo dabe, baina aurten, programazinoaren elementu nagusiak lehenengo astean proiektauko dira, Golem, Bilborock eta BilbaoArte aretoetan. Bigarren astean, pelikulen bigarren paseak egingo dira (Bilborocken) eta bestelako jarduerak be antolatuko ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu