Bilboko FAS zineklubak 65. urteurreneko egitarauari ekin deutso

Bizkaie! 2018-01-09 08:07   Zinemea

Mario Pardo aktorea eta Pedro Olea zuzendaria omenduko ditue.

Mario Pardo, 'Zacarías' filmeko fotograma baten (argazkia: FAS) | Ikusi handiago | Argazki originala

Egitarau berezia izango dau Bilboko FAS zineklubak 2018an, 65 urte beteko ditu eta. Uriko zinemazaleen erreferente nagusietakoa da FAS eta bultzatzaileek adierazo dabenez, Espainian modu jarraituan horren luzaroan martxan egon dan zineklub bakarra da, Europako zaharrenetakoa.

Zinemagintzearen historian ekarpen nabarmenak egin dituen artista biri omenaldia eginaz ekingo deutsie 65. urteurreneko programazinoari; esangura horretan, gaur, urtarrilak 9, Karmen aretoan 19:45ean, Mario Pardo aktorea izango da Bilbon. Jaiotzez katalana dan arren, Bizkaian bizi da aspalditik. 1969an egin eban debuta eta, harrezkero sona handiko pelikuletan parte hartu dau: Segoviako ihesa, La colmena, Makinavaja... 

Pardo omentzeko ekitaldi horretan, Violeta Trincadoren Zacarías film laburra eskainiko dabe (Mario Pardo da aktoreetako bat), baita Krzyszof Kieslowski poloniarraren El Azar be. 1981ean egindako film hori galarazota egon zan bere herrialdean, arrazoi politikoakaitik, eta 1987ko Canneseko Zinemaldira arte ezin izan eban publikoak ikusi; Kieslowskiren obra ezezagunenetako bat da.

Hurrengo astean, hilaren 16an, leku eta ordu berean, euskal zinemagintzearen beste sortzaile ezagun bati egingo deutso omenaldia FASek, Pedro Oleari hain zuzen be, eta El bosque del lobo proiektauko dabe. Zuzendari bilbotarra Espainiako Telebistan hasi zan lanean, baina 1980ko hamarkadan etxera bueltau eta Euskal Herriko orduko egoerearen lekuko izan zan. Film esanguratsu batzuk badaukaz, esaterako Akelarre, eta 1993an gidoi egokiturik onenaren Goya saria irabazi eban, El maestro de esgrima lanari esker. Ganera, FASeko bazkidea da Olea.

FAS zineklubak ohiko zirkuituetatik kanpo geratzen diran harribitxiak Bilboko publikoari hurreratzeko lan egin dau 65 urtez, pelikulak jatorrizko bersinoan eta azpititulauta eskainiaz. Normalean, saioak martitzenetan 19:45ean izaten dira, Indautxu auzoko Karmen aretoan. Zinema-areto komertzialen kontrapuntua dala dinoe bertako arduradunek. Bazkideen babesari esker eusten deutso FASek urteroko erronkei.

Aurten be, 65. urteurrena izanik, programazino mamintsua atontzen ahalegindu dira. Mario Pardo eta Pedro Olearen omenaldien ostean, beste bederatzi film proiektauko ditue urteko lehenengo hiruhilekoan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu