'Three Billboards Outside Ebbing, Missouri' filmak irabazi dau Urrezko Globoetako sari nagusia

Bizkaie! 2018-01-08 09:16   Zinemea

Martin McDonagh-ek zuzendutako pelikuleari emon deutsie lan dramatikorik onenaren saria.

'Three billboards outside Ebbing, Missouri' filmeko kideak, saria jaso barritan | Ikusi handiago | Argazki originala

Los Angelesen egin dabe bart 75. Urrezko Globoen galea, Oscarren aurrekaritzat joten dan ekitaldia, hain zuzen be. Martin McDonaghen Three Billboards Outside Ebbing, Missouri filmari emon dutsie sari nagusia, pelikula dramatiko onenarena hain zuzen. Donostiako Zinemaldiko Perlak atalean erakutsi eben joandako irailean. Komediarik onenaren saria, ostera, Greta Gerwig-ek zuzedutako Lady Bird lanak irabazi dau. Animazinozko pelikularik onena Coco izan da.

Film onenaren saria irabazi ez arren, Guillermo del Toro mexikarraren lana be aintzat hartu dabe Urrezko Globoetan, izan be, harentzat izan da zuzendari onenaren garaikurra, The shape of water filmagaitik. Azken urteotan Urrezko Globoa eskuratu dauen hirugarren zuzendari mexikarra da Del Toro eta aurreko biek, Alejandro González Iñarrituk eta Alfonso Cuarón-ek, Oscarra irabazi eben gero.

Aktoreen atalean, Three billboards outside Ebbing, Missouri nabarmendu da barriro, Frances McDormand-ek dramako aktore onenaren saria irabazi dau eta. Umorezko pelikuletan, Saoirse Ronan (Lady Bird) izan da onena. Gizonezkoetan, Gary Oldman (Darkest hour) eta James Franco (The disaster artist) izan dira irabazleak, hurranez hurran.

Telebistako lanei be erreparetan deutsie Urrezko Globoek. Atal horretako sarituen artean, besteak beste, Nicole Kidman, Elizabeth Moss, Ewan McGregor eta Rachel Brosnaham dagoz. Ibilbide osoari emoten jakon Cecil B. DeMille saria, ostera, AEBko telebistako aurkezle ospetsua dan Oprah Winfrey-k irabazi dau.

Kolore baltza izan da aurtengo Urrezko Globoen galako protagonista nagusia. Hollywooden azkenaldion agertu diran sexu-gehiegikeriak salatzeko bidea izan da hori. Gala guztian egon dira horren inguruko aitamenak eta aurrerantzean jazarpenaren aurrean ez dirala isilduko agindu dabe emakumeek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu