10.371 ikusle izan ditu Mendi Film Jaialdiak
2017-12-19 10:32 ZinemeaAbenduaren 7tik 16ra izango da datorren urteko festibala.
Balantze bikaina egin dabe Bilbao Mendi Film Jaialdiko antolatzaileek eta adierazo dabenez, urtetik urterako ikusleen igoereak goia jo dau beste behin be. Bilbo mendi munduko uriburu izan da hamar egunez, uriko agendan erabat finkatuz.
Danetara, 10.371 ikusle batu ditu jaialdiak, eskainitako 37 saioetan. Urterik emonkorrena izan da zenbakitan, igazko datua % 12 handituz.
BBK Aretoak, Golem Alhondegia zinemak, Euskalduna Jauregia eta Bizkaiko Abokatuen Bazkuna izan dira proiekzino, berbaldi eta aurkezpenetarako egoitza nagusiak. Domekan amaitu zan 10. edizinoa saritutako proiekzinoen emonaldiakaz.
Mendi Filmekoek dinoenez, sarrerak saio askotan agortu ziran. Holan izan zan Euskalduna Jauregian egin eben Hasiera Ekitaldian: Antolakuntzeak zaleen eskaerei erantzunez egindako apustuan, Auditoriumean mila lagun baino gehiago batu ziran. Lehen asteburuan be, zapatu eta domeka arrastiko saioetako sarrerak agortu egin ziran BBK Aretoan. Astean zehar, Alhondegiko Golem zinemetan ohikoa izan da sarrerak agortu izana eta gauza bera zapatuko Peter Habelerren omenaldi saioan eta baita azken eguneko arrastiko saio bietan be.
2017 urtea oso oparoa izan dala azpimarratu dabe antolatzaileek, izan be, pasa barri diran hamar egunei, urte osoan Mendi Tour eskaintzeak batutako datuak gehitu behar jakez: 10.000 ikusletik gora hartu ditu Mendi Film jaialdiko ale onenak eskaintzen dituan mostra ibiltariak, 40 agertokitara helduz, Euskal Herriaz gan, Kantabrian, Madrilen, Valentzian, baita Mexikon be.
Ikusle eta zaleen erantzunagaz batera, nazinoarte mailan mendiko zinemagintzearen industriak jaialdiari egiten deutson autortzeak bultzada handia emoten deutso antolakuntzeari. Edizino berezia izan da, Sail Ofizialak puntako mailea izan dau, eta etorri diran konbidaduen berbaldiek eta mahai inguruek be maila bikaina izan dabe, askotan ikusleakaz konekzino aberatsa lortuz. Protagonista izan diran konbidaduek eurek harrera hori azpimarratu dabe. Bilbo, mendizaletasunaren munduko erreferentzia nagusietako bat da gaur egun, dino Jabier Baraiazarra zuzendariak.
Hamargarren edizino honetan, Peter Habeler alpinistea omendu dabe eta beragaz batera, beste konbidadu asko izan dira aurten: historiako eskalatzailerik onenak diran Lynn Hill, Catherine Destivelle eta Josune Bereziartu, Bernadette McDonald, Jack Tackle, Edurne Pasaban, Kinga Ociepka eta Pou Anaien pareko izen handiak, Phillip Baribeau, Dave O’Leske, Jochen Schmoll, Natalie Halla, Sebastien Devrient, edota Jordi Canyigueral zinemagileak.
Datorren urteko Mendi Film Jaialdia abenduaren 7tik 16ra egingo da eta orain arte egin daben legez, gorantz jarraitzeko jokereari eutsi eta ikusle zabalago batengana heltzeko asmoz lan egingo dabela iragarri dabe antolatzaileek, beti be mendiko zinemagintzea eta kulturea oinarri hartuta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!