FANT-ek sarien zenbatekoa handituko dau hurrengo edizinoan

Bizkaie! 2017-12-18 11:22   Zinemea

Lanak aurkezteko epea zabalik dago jada martiaren 15era arte.

Maiatzaren 4tik 11ra bitarteko astean, Bilbo zinema fantastikoaren uriburu bihurtuko da barriro, izan be, FANT-en XXIV. edizinoa ospatuko dabe eta Udalak lehiaketan parte hartuko daben filmak aurkezteko epea zabaldu dau.

Datorren urteko zinemaldia barrikuntza bategaz dator, izan be, film laburren eta film luzeen alorrean emongo daben sarien kopurua 7.250 euro gehiagokoa izango da. Lanak jasoteko azken eguna 2018ko martiaren 15a izango da.

Zinemaldiak aurrera segiduko dau epaimahaiaren eta ikusleen eretxiz onenak izan diran film laburrei emoten jakezan 3.000 euroko sari bigaz eta epaimahaiaren arabera, Euskal Herriko film labur onenari emoten jakon 2.000 euroko sariagaz. Horrezaz gan, aurtengo edizinoan 1.500 euroko beste autortza bat be egongo da, Panorama Fantastikoko Film Labur onenarentzat. Danetara lau sari izango dira.

Aurkezten dituen film luzeetan be, sarietarako ekarpen ekonomikoa handiagoa izango da; holan, Sail Ofizialeko Film Luze onenak 3.500 euro jasoko ditu, eta Panorama Fantastiko Saileko Film Luze onenak, barriz, 2.250 euro. Azken sekzino honetarako sarietara bideratzen diran ia 4.000 eurogaz, berretsi egiten da jaialdiak eta Bilboko Udalak zinemagile gazteen lanaren alde egiten daben apustua.

FANT-en parte hartzeko argibideak hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu