'Dirtbag' filmak irabazi dau X. Bilbao Mendi Film Festivalen Urrezko Eguzkilore Saria

Bizkaie! 2017-12-18 09:29   Zinemea

Peter Habeler-ek jaso dau The Walk On Project Fundazinoaren aurtengo Saria mendizaletasunaren balioen defentsa nabarmenduz.

X. Bilbao Mendi Film Festival-eko 9 egunetan zehar Sail Ofizialeko 51 filmeen proiekzinoa egin ostean, Jesús Mari Lazkano, Nancy Rosenthal, Jack Tackle, Paul Urkijo eta Deb Smythe osotutako epaimahaiak 2017ko Bilbao Mendi Film Festivaleko Urrezko Eguzkilorea Dirtbag: The Legend of Fred Beckey filmari emotea erabagi dau.

Dave O´Leske-k zuzendutako eta Jason Reid-ek produzidutako film estadubatuarrak 6.000 euro irabazi ditu eta Urrezko Eguzkilorea, epaimahaiaren eretxiz: Munduan eta Iparramerikan karisma eta eragin handieneko legenda bat betiereko bihurtzen dau Dirtbag filmak. Filmak petsona baten ibilbidea dakar, izan be, dana emon eutson bere pasinoari, ospea baztertzeraino. Fred Beckeygaz 12 urtean ibili zan grabaketak egiten, eta hil barri dan momentuan aurkeztu da dokumentala, jaso eikean omenaldirik onena eskainiz. Lotsabakoa eta hipnotikoa da filma, izakera berezia eban personaia bati ezinbestean zor jakon kontakizun bikaina, sarri mendi komunidadeak ulertu ez, baina beste hainbatetan miretsitakoa.


Ganerako sariak:

- Zuzendari Onena: The Frozen Road, Ben Page-k zuzendutakoa, edurrezko mundu batean sartuko dan gizon gazte baten abentura personala da, eta asmoari sendo eusten deutso. Filma bere kabuz grabau nahi eban, eta txalotzekoa da jarrera hori. Zailtasunak zailtasun, sekula ez dau ez sormen asmorik, ez estetikorik galtzen errealizazinoari begira. Horri eskerrak kontakizuna erakargarria eta interesgarria da, eta ikuslea harek bizi izandako abenturen parte bilakatzen da.

- Argazkilaritza Onena: Life In Four Elements muturreko 4 giro desbardinen barri emoten dauen esperientzia bisual liluragarria: lurra, airea, ura eta sua. Argazkigintzeak, muturreko toki horreen edertasun fisikoa erakusteaz batera, emozinoak biluzten ditu: protagonista bakotxak dituan pasinoak eta hartzen dituan arriskuak. Argazkigintzeak bideratzen dauen narratibea da, eta lau elementuen arriskuen eta beharren aurrean ikusleen harriduran eragina dauka.

- Gidoi Onena: Protagonistea zoriontasunaren eta orekearen bila dabil Psycho Vertical film honetan. Gidoiaren egitureak bere bizitearen metafora lez hartzen dau horma baten eskaladea, kontzeptu bien (eskaladea eta bizitea) aukera eta ohituren arteko paralelismo bat ezartzen dau, tontorrera heltzeko baliogarria dan inperfekzinoz josita. Zintzotasunak, elokuentziak eta umore handiak bultzatuta esperientzia dibertigarria eta aberasgarria da kontaketa hau.

- Film Labur Onena: A sense of Wonder mendia gogo-aldarte baten eszenatoki bat balitz lez, ezagutarazote burutsu bat bezela, erakusten dauen ibilbide bisuala da, jariakorra eta dramatikoa, momentu magikoz betea.

- Epaimahaiaren Saria: Kinga Ociepka-Grzegulska-k bere amesa egia zelan bihurtzen dauen kontetan da film honetan, ume biren ama izan eta eskaletako dauen pasinoa buztartzea, eta horregaitik epaimahaikideek aho batez emon deutsie Mama filmari Epaimahaiaren Saria. Familia eta amatasuna alde batetik, eta mailarik gorenean eskalau ahal izateko beharrezkoak diran entrenamenduak, sakrifizioa eta dedikazinoa bestetik, alde bien arteko orekearen bilaketea erakusten dau filmak. Maitasuna eta babesari dedikazino sutsua gehituta, ames gorenak egia bilakatzeko gaitasuna dauka gizakiak.

- Mendiko Film Onena: Bonington: Mountaineer, 60 eskalada urte batzen ditu filmak, Chris Bonningtonen eskaladek eta espedizinoek itxitako arrastoari buruz berba eginez, isla britainiarretatik eta Alpeetatik hasi eta Himalayaraino. Haren lidergo eta ikusmirak bultzatuta, Himalayan igoera garrantzitsuak egin zituan, eta hainbat bide barri zabaldu be bai, 40 urtez: Ogro eta Shivlingera lehen igoerak, Annapurna, Everest… Bonningtonen pasinoa eta ekarpenak estiloz eta graziaz batzen ditu filmak.

- Eskaladako Film Onena: Safety Third; Brad Gobright amerikar eskalatzailerik onenetakoa da hatxean, eta haren umorea eta tarteka jarrera bildurgarria sano sinisgarriak dira, film ausarta eta zintzoa da. Erabateko obsesinoak bultzatutako pasinoak eta dedikazinoak bakarkako hatx eskaladearen gorenean jarten zaitu, eta holan Yosemiteko El Capitan horman The Nose bideko abiadura marka barria ezarri zeinke. Oso entretenigarria eta aldi berean, bene-benetazkoa.

- Mendi-kulturearen eta Naturearen ganeko Film Onena: The Last Honey Hunter filmak eszenaren atzealdera eroaten gaitu, Nepal ekialdeko Kulung herritarrek sokaz egindako eskaileretan barrena. Istorioa ezagutu ostean, kultura hori eta desagertzeko zorian dagoan antxinako praktika horri jarraipena emoten deutsien pertsonak estimu handitan dozuz. Istorio honetan zinemagileek erleen ziztadak, izainak eta oihaneko arriskuak gainditu behar izan ditue, modernidadearen mehatxupeko kultura baten erretratu dramatikoa sortzeko.

- Kirol eta Abenturazko Film Onena: Into Twin Galaxies – A Greenland Epic; filmak emozinoz jositako abenturan sartzen zaitu, hasieratik amaierara. Bere erritmo geldiezinak eta argazkigintza ederrak ikuslea epikoa izatetik hur dagoan bidaian sartzen dau. Protagonistek, heroiak izango balira legez, leku babesbakoak deskubriduten ditue eta erronkei aurre egiten deutse saria irabazi arte: bete-beteko abentura bat bizitea.

- Euskarazko Film Onena: Tokiko historian barrena eginiko bidaia baten bilduma freskoa da Zortzi Yukon, eta aldi berean lagunarteko bilkura polita, esperientziak alkarbanatzekoa. Ganera, filmak propio bertarako konposatutako soinu bandea dauka.

- Aitamen Berezia: Biziteari buruzko ezohiko argazki bat da Charged, zoroa eta harrigarria. Eduardo eta haren familiak erronka handiei egin behar izan eutsen aurre, eta zinemagileek sensibilidade handiz emon dabe horren barri. Istorio ausarta eta inspiragarria, eta aldi berean natureak maila fisikoan zein espiritualean duen gaitasun sendagarria erakusten dau.

- Aipamen Berezia: Naturaren ikuskizunaz dauen ikusmira sublimea erakusten dau Mountain filmak. Irudiek sekulako indarra dabe, musikeak edonor batzen dau, eta filma ikusgarria eta probokatzailea da, bidaia zirraragarri batean mendien edertasuna eta gizakiakaz dituan hartu-emon nahasiak erakutsiz.

Epaimahaia ondokoek osotu dabe: Jesus Mari Lazkano artisteak; Banff (Kanada) Festibaleko zuzendariak, Deb Smythe-k; New Yorkeko Wild Film Festival-eko zuzendaria dan Nancy Rosenthal-ek, Jack Tackle alpinistak eta Paul Urkijo euskal zinemagileak.


Peter Habeler: WOP 2017 saritua

Peter Habeler-ek jaso dau The Walk On Project Fundazinoaren (WOP) aurtengo Saria mendizaletasunaren balioen defentsa nabarmenduz. Bilbao Mendi Film Festivalaren 10. edizinoko omendu nagusia izan da alpinista austriarra, eta haren ibilibide bikainari autortzea eskaini jako.

Alpinismo modernoaren aitzindarietako bat da Habeler. Reinhold Messner eta biak Everest (8.848m) oxigeno artifizialik barik igoten lehenengoak izan ziran, 1978an. Ordura arte ezinezkotzat joten zan hori. Bada, Habeler eta indar barik itxi zituen uste horreek guztiak, aparteko alpinistak ziran, 1969an hasi ziran alkarregaz eskaletan, eta 1975ean lortu eben mugarria izan zan beste balentria bat, zortzimilako bat estilo alpinoan igoten lehenengoak izan ziranean, Gasherbrum I-a (8.068 m.).

Beste hainbat lorpenen artean, Habelerren ibilbidean nabarmendu beharrekoak dira Kangchenjunga, Nanga Parbat eta Cho Oyu zortzimilakoak; Andeetako Yerupajá mendian (6.634m) bide barriak zabaldu zituan; edota Yosemiteko horma handietan eskalau eban lehen europarretako bat izan zan (Doug Scott-egaz batera Salathé Wall El Capitan-en, 1970ean).

Peter Habeler-ek 75 urte beteko ditu laster eta, modu berezian ospatu nahi dau: Eiger mendiaren ipar arpegia eskalau nahi dau, beste behin. Oraingo honetan, David Lama, munduko alpinistarik onenetako bat, izango dau bidelagun, Habelerregaz eskaletan ikasitakoa.


WOP Fundazinoaren Sariak Bilbao Mendi Film Festivalean

2016: Sir Chris Bonington. MendiTV bideoa.

2015: Josep Manuel Anglada. MendiTV bideoa.

2014: Drawn filma, Jeremy Collins-ena. MendiTV bideoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu