Zinegabonak: euskerazko filmak euro baten truke

Bizkaie! 2017-12-15 08:30   Zinemea

Sei zinema-aretotan 11 pelikula emongo ditue, abenduaren 26tik 31ra.

Zineuskadi erakundeak, EZAEgaz eta EITBgaz alkarlanean, beste urte batez antolatu dau Zinegabonak programea, euskerazko pelikulak prezio merke-merkean eskaini eta gazteei astialdiko aukerak emoteko asmoz. Aurtengo egitarauan, 11 film sartu ditue, gehienbat umeei eta familiei zuzendutakoak eta Zinema Euskaraz egitasmoan aukeratutakoak. Horrezaz gan, tailer bi antolatu ditue.

Honeek dira pelikulak: Albert (Danimarka), Ballerina (Frantzia), Batman Lego (AEB), Laban, mamu txikia (Suedia), Nur eta herensugearen tenplua (Euskal Herria), Orm elurretako erresuman (Errusia), Ozzy (Espainia), Pan (AEB), Teresa eta galtzagorri (Euskal Herria), 7. Ipotxa (Alemania)eta Zikoinak (AEB).

Bilboko EITBren egoitzako Multibox aretoan hasiko da programazinoa, hilaren 26an, gaztetxuentzako animazino tailerragaz. Egun berean hasiko dira proiekzinoak, bost herritako sei aretotan: Donostiako Principe, Iruñeko Golem, Laudioko Top Cinema, Urruñako Itsas-Mendi eta Bilboko Golem Alhondiga eta Multibox. Saioak 11:30ean hasiko dira eta euro baten truke sartu ahal izango da aretoan. Hilaren 30era arte egongo da martxan, 13 sesino guztira. 

Animazino tailerraz gan, bikoizketeagaz lotutako beste bat be eskaintzen dau Zineuskadi-k programa honen barruan. Umeei eta familiei zuzendutako tailerrak dira biak, eta antolatzaileek adierazo dabenez, ikus-entzunezkoetan erabilten diran teknika eta trikimailuak ikasteko aukera parebakoa dira. Durangoko Azokan arrakasta handia izan eben.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu