Egitura barria izango dau Zinegoak jaialdiak

Bizkaie! 2017-12-13 13:28   Zinemea

Zinegoak Alkartea sortu dabe eta egoitza barrira aldatu dira.

2018an beteko dau 15. edizinoa LGTB zinemearen erreferente nagusietako batek, Bilboko Zinegoak jaialdiak. Gaur egungo beharrei hobeto erantzuteko, egiturazko aldaketa ugari egin ditue. Hasteko eta behin, orain arte antolatzaile izan dan Hegoak alkartea atzean itxi eta Zinegoak Alkartea sortu dabe. Hegoak-en zeregin nagusia zinema-jaialdia antolatzea izan da azkenaldion eta horregaitik erabagi dabe aldatzea. Zinemearen eta kulturearen alorretik eraginaz, gizartea eraldatzeko eta LGTB kolektiboa agirian jarteko tresnea izatea nahi dabe.

Aspalditik sentiduten genduan gure lana eta izakera soziala bateratzeko beharra, adierazo dau Pedro Andradek, alkartearen presidente barriak. Egitura barriak lehenengo frutuak emon ditu, esate baterako, 365ZG antolatzeari ekin deutsie, LGTB kolektiboagaz eta sexu aniztasunagaz lotutako daten inguruan. Bestetik, Zinegoak jaialdiak egoitza barria dauka, Bilboko Gorte kalean, lehengoa baino aproposagoa, espazio handiagoa daukalako.

Egindako egiturazko aldaketek ez deutsie jaialdiaren eskaintzeari berari modu sakonean eragingo, Pau Guillen zuzendariaren esanetan. Dana dala, pelikulak aukeratzeaz arduratzen dan lantaldea zabaldu dabe. Maren Gonzalez, Ainhoa Urgoitia eta beste batzuk batu jakoz talde horri.

Laster aurkeztuko dabe edizino barriko irudia, euskal ilustratzaile batek egina. Izan be, Zinegoak-en 15. aldirako hile bi baino ez dira falta, zezeilaren 19tik martiaren 4ra arte egingo dabe. Aurreko urteetako aste biko formatuari eutsi deutsie. LGTB gaiei eta sexu askatasunari lotutako 40 emonaldi inguru izango dira, gehienak Golem, Bilborock eta BilbaoArte aretoetan.

Jaialdia hasi aurreko astean, ohikoa bihurtu dan legez, 3,2,1... Zinegoak zikloa antolatuko dabe, era guztietako jarduerakaz: Proiekzinoak, topaketak, kontzertu sorpresak eta abar. Zinegoak Hedapena programearen bidez, ostera, jaialdian ikusitako pelikularik interesgarrienak Bilbotik kanpora erakutsiko ditue. Aurten Euskal Herriko 35 herritara heltzea da asmoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu