'Handia'-k hamahiru hautagaitza jaso ditu Goya Sarietarako

Bizkaie! 2017-12-13 12:30   Zinemea

Animazinoko film onenaren zerrendan, barriz, Nur eta herensugearen tenplua dago.

13 zenbaki itsusia dala esaten dabe askok… ba guri asko gustetan jaku!, adierazo dau Handia filmeko lantaldeak sare sozialetan, albistearen barri izan dauenean. Aitor Arregik eta Jon Garañok zuzendutako pelikulea Goya Sarietarako faboritoen artean dago, izan be, pelikula, zuzendari, jatorrizko gidoi, jatorrizko musika, aktore barri, produkzino zuzendari, argazki zuzendari, muntaketa, zuzendari artistiko, jantzi diseinu, makilaje, soinu eta efektu berezi onenaren kategoriatan izentau dabe.

Hamabi hautagaitzagaz, barriz, Isabel Coixeten La libreria dago. Pablo Berger bilbotarraren Abradacadabra filmak be zortzi lortu ditu eta animazinozko pelikula onenen artean Juanba Berasategiren Nur eta herensugearen tenplua be badago.

Datorren urteko zezeilaren 3an egingo dabe sari banaketea.

Handia-k Euskal Zinemearen Irizar saria eta Epaimahaiaren Sari Berezia eskuratu zituan 65. Donostia Zinemaldian eta jada 90.000 ikusle inguru izan ditu zinema-aretoetan. Datu honeen arabera, zinema-aretoetan gehien ikusi dan euskerazko pelikulea da azken urteotan.

Irusoin eta Moriarti produkzino etxeek sortutako filma joan dan urtean grabau eben Euskal Herriko hainbat txokotan: Zumaian, Zarautzen eta Zestoan, besteak beste.

Pelikuleak 1843ra eroaten gaitu eta Migel Joakin Eleizegiren bizitzearen barri emoten deusku. Gazte bat bere herrira itzultzen da, Altzora, eta Joakin, bere anaia, gatx batek jota 2,42 metro luze izatera heldu dala ikusiko dau. Baserrirako oztopo izanda ikusirik, anaia biak Europako hainbat plaza eta aretotan zehar ibiliko dira, familiari eusteko asmoagaz. Altzoko Aundiya bihurtu zan Joakin sasoi haretan, Europako gizonik altuena, hain zuzen be.

Eneko Sagardoy, Joseba Usabiaga, Iñigo Aranburu, Ramon Agirre eta Aia Kruse dira filman parte hartu daben aktoreak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu