Sortzaile gazteei lekua egin deutse Txakur Gorria egitasmoak

Bizkaie! 2017-12-07 11:50   Kulturea

Plastikozko loreak eta Xixili dira kolektiboak Durangora eroan dituan nobedadeak.

Ane Labaka eta Nerea Ibarzabal, Txakur Gorriaren erakusmahaian | Ikusi handiago | Argazki originala

Orain dala urte bi modu apalean hasitako proiektua indarra hartzen doa. Horren erakusgarri da Durangoko Azokan Txakur Gorriak ipini dauen gunea: Txikia da (erakusmahai erdia baino ez), baina maminez betea. Nerea Ibarzabal, Ane Labaka, Malen Amenabar eta Mariñe Arbeo dira kolektiboko kideak. Bertsogintzearen mundutik datoz, baina era guztietako sormena da Txakur Gorriaren ardatza. Sormen talde bat gara, gustuko dogun edozein proiektu otu ezkero, aurrera egiten dogu, azaldu deusku Ibarzabalek, Durangoko erakusmahaian bisitariei arretea emoten deutsen bitartean.

Kolektiboan lau kide diran arren, sortzaile gehiagogaz alkarlanean ibilten dira proiektu barriak atontzeko orduan. Gazte sortzaileak inplikau nahi doguz, dinoe Ibarzabalek eta Labakak. Horren erakusgarri da Plastikozko loreak liburua, Durangora ekarri daben nobedadeetako bat: Ipuin-katea da, Txakur Gorriko arduradunen esanetan, egile ugarik idatzi ditue istorioak libururako.

Xixili, ostera, komiki erako liburua da. Emakume baten istorioa azaltzen da, zoro egotearen inguruan gogoetea egiteko eta eragiteko asmoz. Sarritan, eromena kontrol tresna legez erabilten da, azaldu dau Ibarzabalek. Komikiaren abiapuntu izan dan emonaldi literarioa bihar, barikua, ikusi ahal izango da, Ahotsenean (18:30).

Orain arte Azokeak emondakoagaz pozik dagoz Ibarzabal eta Labaka. Txakur Gorria kolektiboa hazten doala ikusi dabe azkenaldion, ganera. Esate baterako, Txapelpekoak internet bidezko ikus-entzunezko saioa egiten dabiz asteotan, Bertsolari Txapelketa Nagusiari begirada artistikoa emonaz. Horrek Txakur Gorria ezagunago bihurtu dauela igarri dabe kideek. Ibarzabalen esanetan, gure zereginetan, kolektiboak zentraltasuna hartu dauela uste dot, gogoa eta indarra doguz aurrera egiteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu