Bertsolaritzea eta rocka Alberto Irazuren liburuan
2017-11-28 11:21 MusikeaRocka Puntua saiakerea Pamiela argitaletxearen eskutik dator.
Kazetaritza lanetan ibilitakoa da Alberto Irazu, baina batez be bertsoa eta musikearen inguruan mobidu da gazte gaztetatik eta disziplina honeek biak ederto ezagutzen ditu.
Rocka Puntua saiakerea idazterako orduan, 1980ko hamarkadea hartu dau egileak batez be. Sasoi haretan, Andoaingo gaztetxea ondo ezagutzen eban Irazuk eta bertan, bertsoagaz lotura zuzena eben esperimentu batzuk egin zirala ikusi eban, baina denporeagaz ahazturan geratu dira. Bap-en moduko taldeek lauko txikiakaz kontzertuei hasierea emoten eutsien adibidez, punk erara kantetan zituen eta hori dana ahaztuta geratu da, dino Irazuk.
Sasoi haretan, Andoaingo gaztetxean fanzine moduko batzuk argitaratu zituen eta honeek urte horreetako kontrakultura giroaren ezaugarri guztiak zituen: aldarrikapen hizkerea, marrazkiak, esloganak… eta hor be bertsoa egoan, nabarmendu dau idazleak.
Hortik abiatuta hartu eban Rocka Puntua liburua idazteko erabagia eta azken 60 urteetan bertsoak eta rockak izandako hartu-emonak aztertu ditu, izan be, 80ko hamarkada ha baino lehenago, mundu bi honeek jada topo egin eben eta sasoi bateko bertsolariek rockagazko ezinikusia, euskal rockaren aitzindariek bertsoari emondako tokia edota Negu Gorriak taldearen bertso hop fenomenoa batzen ditu saiakereak. Batzuetan kronika itxuraz, bestetan fikzinoagaz olgetan, abestietatik bertsoetara eta bertsoetatik abestietara saltoka dabilen hausnarketa-lan irudimentsua ondu dau Irazuk.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!