Estitxu bakarlariaren inguruko dokumentala egin dau Franck Dolosorrek

Bizkaie! 2017-11-16 08:11   Zinemea

Bilboko Zinebi jaialdian aurkeztu dabe.

Estitxu, kantaldi baten ('Estitxu' dokumentaletik hartutako irudia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal kantugintzearen loraldiaren protagonistetako bat izan zan Estibalitz Robles-Arangiz, Estitxu izenagaz abesten eban bakarlaria, Beskoitzeko Urretxindorra ezizenez ezaguna. 1993an hil zan eta harrezkero ia ahaztuta egon danez, Franck Dolosor kazetariak haren memoria berreskuratzea erabagi eta Estitxuren bizitzea eta ibilbide artistikoa errepasau ditu dokumental baten.

Lapurdiko Beskoitze herrian jaio zan Estitxu, 1944an, erbesteratutako Hegoaldeko familia baten. Robles-Arangiztarrak euskal kulturearen hainbat adierazpidetan nabarmendu ziran gerrearen aurretik eta ostean, eta Estitxu ez zan salbuespena izan. Soroak taldean ibili eta gero, bakarkako ibilbide arrakastatsua egin eban, 1960ko hamarkadan hasita.

Batez be euskeraz abesten eban Estitxuk, baina gaztelaniazko kanturen bat edo beste be sortu eban. Ganera, atzerrian kontzertuak jo zituan, Venezuelan, Mexikon eta Parisen adibidez. Euskal Herrian hainbat disko plazaratzeaz gan, bitxia da jakitea Venezuelan be beste bat argitaratu eutsiela, Una Voz Increíble izenekoa. Aitzindaria izan zan kantagintzan eta euskerazko errepetorioa zabaldu eta aberastu egin eban, estilo barrietara salto egin eta beste hizkuntza batzuetako abestiak euskerara ekarrita.

Franck Dolosorrek, baina, ez dau kantariaren ibilbidearen kontakizun deskriptibo hutsa egin nahi izan. Haren bizitzako beste alderdi batzuk jorratu ditu, eta euskal kantagintzeari begiratu deutso. Dokumentalean lekukotza ugari dagoz, Estitxu ezagutu ebenena, musikan adituak diranena...

Azken baten, Estitxuren figurea berreskuratzea da Dolosorren asmoa, omenaldia egiteko. Dokumentalaren egilearen ustez, Estitxuk inoz ez dau jaso merezidutako autortzarik eta film hau izan leiteke horretarako bidea. Baleuko produktorearen laguntzinoa izan dau Dolosorrek proiektu honetan eta Iban Gonzalezek eta Ramon Larrabasterrek be parte hartu dabe proiektuan.

Bilboko Zinebi jaialdian egin dabe Estitxu lanaren estreinaldia. Ondoren hainbat lekutan proiektauko dabe: Hil honen 29an, Senperen; abenduaren 6an, Durangoko Azokan; urtarrilaren 27an, Estitxuren jaioterrian, Beskoitzen; eta zezeilaren 7an, Baionan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu