Ipes-ek 'Gernikaren Egiak' dokumentala aurkeztu dau

Bizkaie! 2017-10-26 11:57   Zinemea

Gaur egungo errelatoak, hausnarketak, eretxiak batu ditue, eztabaida soziala sustatzeko asmoz.

Ibon Meñika eta Haritz Petralanda | Ikusi handiago | Argazki originala

Gernika bonbardeau ebela 80 urte bete diranean, Gernikaren Egiak proiektua garatu dau Ipes alkarteak, eta gaur aurkeztu dau Bilbon. Apirilean liburua argitaratu eben, eta idatzizkoari jarraipena emoteko asmoagaz sortu dabe orain dokumenatala. Gaur, martitzena, Gernikako Institutuan arrastiko 17:00etan eta Astran 19:00etan aurkezpen publikoa egingo dabe.

Ipes alkarteak dinoanez, Gernika oroimen biziko herria dalako, begirada eta eretxi desbardinen ikuspegitik egin dogu ikus-entzunezkoa. Horretarako, ezezagunagoak diran jazoera historikoei arretea jarri deutsie, emakumearen ahotsa lehenetsi nahi izan dabe, eta herri mobimenduen papelaz gogoetan ibili dira.

Apirilean aurkeztu eben liburua eztabaida soziala sustatzeko eta lanketarako tresna legez, baina zabalpen handiagoa behar dauela uste dabe.

Haritz Petralandak eta Ibon Meñikak azken asteak emon ditue Gernika-Lumon eta Bizkaiko hainbat lekutan grabazinoak egiten: Ikusten doguna da Gernikaren dimensino politiko, sozial eta kultural horren bitartez, eztabaida soziala sustatzeko euskarri bat sortu dogula. Oso pozik gagoz proiektuak berak transzendentzia eta garapen hori izan dauelako, azken baten, horrek eroan gaitu euskarri gehiagoren beharraz gogoetea egitera.

Dokumentalean Gernikaren egiak jaso nahi izan ditue. Orain 30 urte Gernikan historialariak batu zituan mahai-inguruaren grabazinoa oinarri hartuta, gaur egungo errelatoak, hausnarketak eta eretxiak batu ditue: Gernikan egia asko dagozalako, eta mundu zabalean Gernika asko dagozalako. Hamabi persona alkarrizketatu ditue danetara, eta, oraingoan, emakumearen ikuspuntuak, emakumeen errelatoak zein emakumearen egiak pisu handia izan dau.

Herri memoria gaurko lanabesa dalako, eta oroimena ez dalako atzera begiratzea bakarrik, etorkizuna ahazturan ez geratzeko apustua egin nahi dau Ipes-ek. Gaurkook osotuten dogulako biharko jentartea, eta biharkoa gatozen horretan oinarritu behar dalako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu